Josu Zabala “Basajaun” eusko gudaria omenduko dute martxoaren 23an Etxarri-Aranatzen


Etxarri Aranazkoa (Nafarroa) zen Josu Zabala Salegi Basajaun, eta Gipuzkoan agertu zen hilik, Debako Mendata Gainean. Tiro bat zuen bularrean, eta pistola bat aldamenean. Autopsiaren arabera, aurreko egunean hil zuen bularrean jotako tiroak. Garai hartan Juan Mari Atutxa zen Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburua, eta, hark emandako bertsioaren arabera, Zabalak bere buruaz beste egin zuen. ETAk, berriz, Espainiako indar errepresiboei egotzi zien heriotzaren erantzukizuna. Martxoaren 23an Bilbon bahitu zutela esan zuen erakundeak, ohar baten bidez. Ohar honetan, besteak beste, gorpua agertu zen tokian ez zen odol arrastorik, miaketan ez zuten bala zorrorik aurkitu, eta Zabalak soinean zituen zapaten zolan itsatsirik zegoen lurra ez zen paraje haietakoa salatu zuten.
Aurten, 28 urte betetzen direla, ekitaldia egingo diote hilaren 23an Etxarri Aranatzen, JARDUN Koordinadorak antolatuta. Omenaldia eguerdiko 13:00etan izango da, Etxarri Aranatzeko plazan.