lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 23/10/2024

Kaleko afari solidarioen kontrako elkarretaratze bat egin dute Donostian

Xalba Ramirez
Tentsio une handiak izan dira, eta Ertzaintzak KASen aldeko hainbat jarraitzaile identifikatu ditu.

Telegram eta Instagram kanal batzuetatik elkarretaratzea antolatu zuten atzo, Egiako Kaleko Afari Solidarioen aurrean, segurtasuna aldarrikatzeko. Gaztelera hutsean: “Astelehena 21, 20:00etan elkarretaratze baketsua. Gure borrokak darrai!”. Elkarretaratzearen zabalpenean zegoen helbidea da, hain zuzen, gauero-gauero, afari solidarioak banatzen dituzten puntua.

Segurtasuna aitzaki, kale egoeran daudenekiko elkartasuna kriminalizatzen ari dira desinformazio kanal hauek azken hilabeteotan, eta, lapurreten gorakadaren eta kale egoeran dauden magrebtarren arteko harreman zuzena egiten dute. Horregatik, hilabeteak daramatzate Kaleko Afari Solidarioen kontrako mezua zabaltzen. Donostiako Alderdi Popularrak urtebete baino gehiago darama kanpaina hau aurrera eramaten. Joan den azaroan eskatu zuen egitasmo solidario hau debekatzea, segurtasun faltarekin lotuz. Ordea, ez zuen inolako babesik jaso udalbatzan.

Hain zuzen, udalean dauden PPko hiru zinegotziak agertu ziren elkarretaratzera, eta hainbat tentsio unetan parte hartu zuten Jorge Mota eta Vanesa Velez zinegotziek, bertan zeuden KASeko jarraitzaileei alde egiteko eskatuz, eta une batzuetan, irainduz. Hedabide honetako kazetariari ere aurre egin zioten une batean. Borja Corominas izan zen bere bi taldekideak lasaitzeaz arduratu zena.

Tentsio handiko uneak

Honakoa izan zen egoera: jakinik 20:00etan elkarretaratzea antolatuta zegoela, KASek afari banaketaren ordua aurreratu zuen, eta janaria banatu ostean, hainbat kide eta laguntzaile bertan gelditu ziren. Elkarretaratzeak inolako baimenik ez zuenez, jendea gutxika gerturatzen hasi zen eta talde txikietan batzen.

Honelako batean, elkarretaratzean parte hartzen ari zen pertsona bat KASeko jarraitzaile bat grabatzen hasi zen, berak lehenago grabatu zuela argudiatuta. Une horretan hasi zen lehenengo enfrentamendua, eta segurtasunaren aldekoek bultza egin zuten ekintzaileetako bat. Ertzaintza sartu behar izan zen bi taldeak banatzera.

Jarraian, hainbat minutuz, tentsio handiko egoera izan zen, eta irainak entzun ziren: “Oxala zuei ere lapurtzea”, “oxala zu ere uzkitik bortxatzea”, “zuek hor diruagatik zaudete”, “joan zaitezte popatik hartzera”, eta abar.

Une batean, “arrazista zikinak” oihukatu zuen KASekoen aldean zegoen pertsona batek, Ertzaintzak harengana jo zuen eta, tirabira baten ostean, hiru gazte lurraren kontra jazarri zituen, baina ez zituen atxilotu. “Marikoi zikinak” oihuak izan ziren bueltan, baimenik gabeko elkarretaratzean zegon baten aldetik, baina haietako inor ez zuen identifikatu Ertzaintzak.

20:45ean, ertzain buru batek adierazi zuen elkarretaratzea egiteko ez zegoela baimenik: “Orain arte utzi egin dugu elkarretaratzea, baketsua zelakoan, baina tonuak gora egin du, eta, beraz, 5-10 minutuko tartea duzue bi taldeok hemendik joateko, bestela jende guztia identifikatuko dugu eta isuna jarriko diogu”.

Aipaturiko kanaletatik zabaldu dutenez, astelehenero egingo dituzte elkarretaratzeak, kaleko afarien ordu eta leku berean.

Faxismoaren gorakada”

Donostiako egoera larriaz ohartarazi dute hainbat gizarte erakundek azken hilabeteotan. Lapurreten eta bestelako delitu txikien gorakadarekin haserre dauden herritarren artean gorroto mezuak zabaltzen ari direla eta, azken hilabeteotan ugaritu egin dira kale egoeran dauden magrebtarren kontrako erasoak.

Azkenekoak, joan den astean Trintxerpen izandakoak. Salatu dutenez, burdinezko barrekin eta kateekin eraso egin diete ustez lapurretak egin dituzten hainbat magrebtarrei. Eraso horiekin ustez zerikusirik ez duten mobilizazio herritar ugari ari dira egiten bizilagunak azken egunetan.

Horri aurre eginez, Donostian abuztuan egin zen moduan, elkarretaratzea egin zuten hainbat kolektibok larunbatean Pasaian, “arrazakeriaren” eta “faxismoaren” gorakadaz kezkaturik.

https://irutxulo.hitza.eus/2024/10/22/kaleko-afari-solidarioen-kontrako-elkarretaratze-bat-egin-dute-egian-ppko-zinegotzien-parte-hartzearekin/

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal