Kataluniako hauteskundeak: Independentistak sarearen hausnarketa.
Independentistak sareak zoriondu egiten du herri katalana berriro ere joan den igandean bere askatasunaren bidean egin duen jauziagatik. Elkartasun eta konplizitate osoa adierazten die herritar katalanei eurek izan direlako prozesuaren bultzatzaileak eta garaipen berri honen protagonista nagusiak.
Hauteskundeok mugarri oso garrantzitsua izan dira Kataluniako prozesu independentistarentzat: fase berri batera jauzia egiteko ezinbestez independentismoak gainditu behar zuen inflexio-puntua. Emaitzak ikusita helburua lortu dela esan dezakegu zalantzarik gabe, eta lortu duten gehiengo osoak prozesuarekin aurrera egiteko erabateko zilegitesuna ematen die independentziaren aldeko bozka eskatu duten indar politikoei. Izan den egundoko parte-hartzeak areagotu egin du hauteskundeen izaera plebiszitarioa eta oraindik balio handiagoa ematen dio indar independentisten garaipenari. Inoizko bozka kopururik handiena izan da independentziaren alde argi eta garbi. Independentismoaren garaipena eta, aldi berean, mehatxuen eta beldurraren aurkako garaipena izan da.
Azken urteotan Katalunian herri mugimenduaren, alderdi politikoen eta instituzioetako jardueraren artean izan den elkarlanak bere emaitzak eman ditu. Interes alderdikoien eta krisialdien gainetik jakin izan dute elkarlana kudeatzen eta oinarrizko estrategia independentista adostu eta urrats zehatzak zehazten. Ziur gaude igandean zabaldu den aro berri honetan ere elkarlan hori kudeatzen jakingo dutela eta, Parlament berria osatu bezain laster, mahai gainean jarriko dutela Estatu katalana eratzeko ibilbide zehatza.
Herriaren indarra funtseskoa izan da prozesua heldu den tokiraino ekartzeko. Herritarren ekimen eta mobilizazio erraldoiek etengabeko bultzada izan dira eta, eragindako presioak, konpromisoak hartu eta erakundeetan urrats zehatzak adostera behartu ditu alderdiak. Aurrerantzean ere, martxan jarriko den prozesu eratzailea bultzatu eta babesteko ezinbestezkoa izango da mugimendu independentista sendo eta bizia.
Katalunian lurperatu egin dute dagoeneko autonomismo zaharkitua eta 'statu quo' menperatzailea, eta prozesu independentistaren atzera biderik gabeko marra gainditu dute. Aurrera begira daude eta etorkizuna burujabetzatik eraikitzen ari dira.
Euskal Herrian badugu zer ikasi Kataluniatik. Hemen ere bada mugimedu independentista indartsu bat martxan jarri eta mundu politikoari astinaldi eder bat emateko garaia. Atzera begira menpekotasuna onartuz egiten diren diskurtso politikoak baztertu eta aurrera begiratzeko garaia. Interes alderdikoiak alde batera utzi eta Euskal Herriaren interesak lehenesteko garaia. Beldurrak eta inertzia zaharrak gainditu eta 'statu quo'-a hankaz gora jartzeko garaia. Euskal Errepublika helburu, estrategia independentista bat zehazteko garaia.
Euskal Herria, 2015eko irailak 29