Korda espazioa hustu dute


Gasteizko Korda espazioa husteko operazioa burutu du Ertzaintzak. Gauean Ertzaintzaren operatibo handi batek Gasteizko Alde Zaharra hartu du, izan ere, dozena bat ibilgailu baino gehiago jarri ditu martxan Ertzaintzak, eta dozenaka polizia joan dira Pintore kalera. Hamarnaka lagun bertaratu dira Pintore kalera desalojoaren aurka protesta egiteko eta Korda barruan erresistentzia egiten ari ziren kideei babesa adierazteko. Goizeko 11:00ak aldera, epaitegiko kideak iritsi direnean, desalojoa gauzatu da, indarkeriaz. Gogor kolpatu dituzte indar errepresiboek bertan ziren kideak, eta gutxienez bi pertsona atxilotu dituzte. Bestalde, kide bati sudurra hautsi diotela salatu dute.
Udalaren jabetzakoa den eraikin hori hutsik zegoen aspaldian eta, 2022ko ekainaren 27an, Zaharraz Harro, Herrizoma eta Auzoan Bizi mugimenduek okupatu zuten. Hainbat kolektibok erabili dute geroztik, modu autogestionatuan, mota anitzetako jarduerak egiteko. Aipatutako eragileek udal ordezkariekin biltzeko proposamena mahaigaineratu dute, baina maiatzean salatu dutenez, “jabetza pribatua eta negozioa” babestu dute politikariek, “kolektiboen eskari eta beharrei entzungor” eginez.