Kutxabankeko zenbait bankentxe seinalatu dituzte, euskaldunon aurkako erasoengatik


Anton Arriola Kutxabankeko presidenteak ulertarazi zuen euskarazko hezkuntza arazo bat dela atzerriko talentua erakartzeko. Euskal enpresek atzerriko langile trebatuak erakartzeari buruz ari zela, haien seme alaben hezkuntza aukeren garrantzia nabarmendu zuen, eta hor kokatu zuen oztopoa: “Euskara…. bateragarri egin behar dugu Poloniatik bost urterako datorren langile baten egoerarekin, eta agian hari ez datorkio ondo bere seme-alabek euskaraz ikastea”. Bestalde, ingelesezko hezkuntza aldarrikatu zuen: “Hezkuntza euskaraz egitea oso zaila izango da haientzat, eta, beraz, ziur aski ez dira etorriko Poloniatik, eta talentu hori galdu egingo da. Hezkuntza ingelesez egin ahal badute, etorriko dira. Oreka bilatu behar da’’.
Euskararen aurkako eraso honen harira, Kutxabankeko zenbait banketxe seinalatu dituzte azken egunetan, adibidez, “Euskera babestu, etsaia seinalatu” margoketak eginez. Era berean, Euskal Herrian Euskaraz mugimenduak Kutxabankeko egoitza baten kanpoko aldea propaganda politikoz bete du. Mugimendu euskaltzaleak adierazi duenez, Kutxabankeko zuzendariaren adierazpenak “euskaldunon aurkako oldarraldiaren parte eta guztiz onartezinak” dira. Bestetik, dei egin dute kexak bidaltzera posta elektroniko honetara: atencion.cliente@grupokutxabank.com