Lakaxitako eraso faxistak salatzeko elkartu dira Irunen


Faxistak kanpora!” eta “faxismoaren aurrean, antolatu!” oihuek hartu dute gaur Urdanibia plaza. Izan ere, azken hilabeteetan hainbat eraso faxista jaso ditu Lakaxita gaztetxeak; azkena, aurreko astean egindako pintaketa faxistak. Pintaketez gain, mehatxu mezu bat ere utzi dute oraingoan. Gauez egin dituzte eraso hauek, “inor hurbil ez zegoen bitartean, koldarrek horrela egiten dutelako eraso”.
Erasoei erantzuteko, elkarretaratzea egin dute Urdanibia plazan gaur, hilaren 10ean, Faxismoaren aurrean, Lakaxitak tinko lelopean. Argi utzi dute “jarrera koldar hauek ez dituztela onartuko ez Lakaxitan, ez San Migelen, ez Irunen ezta ere Euskal Herrian”. Irungo gaztetxeari eraso zioten une berean beste zenbait tokitan ere antzeko pintaketak agertu zirela jakin ahal izan dute, tartean Donostian, “EHGAM eta Wohou izarrak elkarrekin egindako mural antifaxistan”.
Elkarlanean diharduten hainbat eragile daude Bidasoaldean, eta “estrategia antifaxista bateratu bat eraikitzeko” eskua luzatu die gaztetxeak, “horretarako Lakaxitako ateak zabalik daudela” oroitaraziz.
Irungo Udalaren utzikeria
Irungo Udalak agertu diren pintaketa faxisten inguruko oharrik ez egin izana salatu dute gaztetxeko kideek: “Santiagoko eta Bentakeko frontoian eta Uranzu kalean agerturiko pintaketa batzuk ezabatu ditu, besterik ez”, deitoratu dute. Eraso faxistekiko “ezer pasa ez balitz bezala jokatzen duen” bitartean, segurtasuna bermatzeko “hiria militarizatzea” da Udalak egiten duen bakarra, Lakaxitako kideen arabera.
Arduragabekeria honen aurrean, ordea, Lakaxitak “segurtasuna zentzu zabalean ulertu” eta hori martxan jartzeko ekimenak bultzatu ditu. Horren adibide da martxan jarri dituzten etxera itzultzeko brigadak. Etxera itzultzeko laguntza eskatzeak sortzen duen lotsa gainditu eta “seguru sentitzeko akonpainamendu beharrari heldu” dio gaztetxeak.
Lakaxita gaztetxean “pertsona guztiak ongi etorriak direla, baina, jarrera guztiak ez” gogoraraziz, mezu argi bat zabaldu dute elkarretaratzean: “Jarrai dezagun faxismoaren aurrean antolatzen. Jarrai dezagun asanbladak deitzen. Jarrai dezazun pegatina faxistei pegatina antifaxistekin erantzuten. Jarrai dezagun auzoan eraso dieten merkatariei eskua luzatzen. Jarrai dezagun borroka antifaxista okupazio erresistentziatik eta queer erresistentziatik egiten.”
https://bidasoa.hitza.eus/2025/05/10/lakaxitako-eraso-faxistak-salatzeko-elkartu-dira-irunen/