Lakaxitaren aurka egin duten azken eraso faxista salatzeko elkarretaratzea eginen dute bihar


Pasa den hilabetetan faxistek hainbat alditan erasotu zuten Lakaxita Gaztetxea den gune autogestionatua eta duela aste pare bat berriro eraso bat jasan zutela salatu zuten bertako kideek. Erasoa, gauez, inor hurbil ez zegoen bitartean izan zen eta pintadak egin zituzten, mehatxuak barne. Era berean, "bonba" faltsu bat utzi zieten atarian.
Eraso honen aurrean, Bidasoaldeko kolektibo askoren elkarlana aldarrikatu dute gazte asanbladako kideek. Gainera, "jarrera koldar hauek" ez dituztela onartuko eta haien "espazioak seguruak izateko lan egiten" jarraituko dutela adierazi dute. Bestetik, argi salatu dute Irungo udalak ez duela "eraso faxisten eta nazismoari apologia egiten dioten sinboloen aurrean komentariorik egin". Asanbladako kideen ustez, "tratatzeko gai oso inportantea" da eta udalak "ez du hiria militarizatzen jarraitzeaz gain beste ezer egiten honen aurrean".
Bukatzeko faxismoaren aurrean antolatzera dei egin dute: "Jarrai dezagun borroka antifaxista trans erresistentziatik eta okupazio erresistentziagatik egiten". Bide horretan, Lakaxita Gaztetxearen aurka egin duten azken eraso faxista salatzeko elkarretaratzea eginen dute bihar Moskun. 13:00etan hasiko da mobilizazioa, "Faxismoaren aurrean, Lakaxita Gaztetxea tinko" lelopean.