lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 24/06/2026

«Lortu arte ez gara isilduko!»

Beñat Parra
Euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatu dute Antiguan.

7 Baietz euskal kirol selekzioen ofizialtasunaren aldeko plataformak deituta, euskal selekzioaren aldeko elkarretaratzea egin zuten astearte arratsaldean Antiguan, Gurea euskal selekzioa! lelopean. Egunotan AEBetan, Kanadan eta Mexikon jokatzen ari diren gizonezkoen Munduko Futbol Koparen testuinguruan egin zuten mobilizazioa.

Hain zuzen ere, “hutsune batek” elkartu zituen Gaskonia plazan, azaldu zutenez, “sare digital, telebista zein bestelako hedabideak betetzear diren hutsune erraldoi batek”: “Gizonezkoen Munduko Futbol Kopa da, datuen arabera, mundu mailako kirol ikuskizunik jarraituena […]. Eta gu, euskal herritarrok, esku hutsik sentituko gara, beste behin ere, festatik kanporatua izan den haurraren gisan”.

Datu batzuk ere jarri zituzten mahai gainean: Munduko Futbol Kopan “zazpi euskal herritar” ari direla parte hartzen eta “euskal herritarren %75ak baino gehiagok” babesten dutela euskal selekzioaren ofizialtasuna. “Datuak datu, gure herri eta auzoetako jokalariak espainiar eta frantziar elastikoak soinean ikusi beharko ditugu aurtengo udan zehar. Gure izateko eskubidea ukatzen duten estatuak ordezkatuko dituzte”, deitoratu zuten.

Horrela, kirola eta politika nahastu behar ez direla diotenen aurrean, bi alor horiek “uztartzearen” alde egin zuten. “Euskal selekzioak ofiziala izan behar du, eta lortu arte ez gara isilduko!”, gaineratu zuten.

Era berean, Euskal Herrian “herri bakarra” dagoela aldarrikatu zuten, “Algortatik Gasteizera, Gasteiztik Hendaiara, Hendaiatik Trebiñu zein Basaurira”. Horren harira, hurrengo deialdiei adi egotera deitu zituzten herritarrak: “Atzoko Jose Angel Iribar, Joane Somarrabia, Oihana Azkorbebeitia, Edurne Pasaban edo Acero anaiengatik, eta bihar-etzi Euskal Herrian sortuko diren izarrentzako”.

https://irutxulo.hitza.eus/2026/06/24/euskal-selekzioaren-ofizialtasuna-aldarrikatu-dute-antiguan-lortu-arte-ez-gara-isilduko/

 

Contactar con La Haine

 

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal