lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 22/01/2025

Manifestazio nazionala deitu du Palestinarekin Elkartasuna plataformak otsailaren 7an

Alea
Israelgo estatuko Maccabi Tel Aviv taldea egun horretan izango da Gasteizen eta Baskoniaren aurkako partida bertan behera geratzea exijitu dute.

Palestinarekin Elkartasuna plataformatik kanpaina abiatu dute asteotan, otsailaren 7an Maccabi talde israeldarra Gasteiza etortzekoa delako. Partidua bertan behera uzteko eskatu zuten, eta "sekulako babesa" jasotzen ari direla adierazi dute, kirol mundutik zein kanpo. Gaurkoan, Baskoniak Gasteizko erdigunean duen dendan egin dute agerraldia, salatzeko Baskoniaren zuzendaritza konplize dela Israelen aurpegi garbiketarekin.

Izan ere, Baskoniako zuzendaritzaren ordezkaritza batekin bildu ziren joan den astean eta, salatu dutenez, ez dute borondaterik izan partidua bertan behera uzteko. Historian aurrekari asko daudela azaldu dute, eta klubaren konplizitatea kritikatu dute. Maccabik Israelgo estatu sionistaren normalizazioan duen rolaz ohartarazita, gaitzetsi egin dute Baskoniak partiduarekin aurrera egitea erabaki izana.

Bestalde, kanpainarekin jarraituz, manifestazio nazionala iragarri du plataformak otsailaren 7rako. Maccabikoen bisitaren egun berean, protestara deitu dute, 18:30ean abiatuko den manifestazioan, Iparralde gizarte etxetik abiatuta, Buesa Arenaren inguruetaraino. "Aurrekaririk gabeko egoera da, eta aurrekaririk gabeko ekintzak behar ditugu".

Konplizitate ugari

Baskoniako zuzendaritzaren konplizitatea salatzeaz gain, partidu honetan eta Maccabiren jardunean erabakimena duten beste eragile batzuk ere seinalatu dituzte. Euroligari kritika egin diote, esaterako, Israelen parte hartzea baimentzeagatik. Txapelketa pribatua da Euroliga, eta Israel gonbidatua dute parte hartzera, Europatik kanpo badago ere. Plataformaren ustez, horrek erakusten du "Israel estatu aliatu gisa irudikatu" nahi dutela erabakiarekin.

Gobernuek ardura instituzionalak ere badituztela salatu dute Palestinarekin Elkartasuna taldeko kideek. "Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi zezakeen partidua", eta egin ez izana kritikatu dute. Aldundia da Buesa Arenaren jabe, eta ekintzarik eza leporatu diote hari ere. Azkenik, Gasteizko Udalaren papera ere aipatu dute, partiduaren eta hiriko azpiegituren kudeaketan parte hartzeagatik.

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal