Marko Usabiaga OCR lasterkariak Espainiako selekzioari uko egin dio
“Espainiako kamisetarekin ez naiz aterako eta ez dut korrika egingo”, adierazi du.
OCR edo oztopo lasterketan da Euskal Herriko onenetakoa Marko Usabiaga donostiarra: Euskal Herrikoa ez ezik...munduko onena izango dela argi dauka. LLeidako La Vall D´Aran-en bizi eta entrenatzen du, eta sasoi betean dago oraintxe. Aurten Irunen(Gipuzkoa) izango da, maiatzeko azken asteburuan OCR oztopoz beteriko lasterketen Europako txapelketa. Hala ere, 22 urteko korrikalari donostiarrak, bere garaian Europako txapeldun izanak, ez du parte hartuko. Usabiagak Euskadi Irratiko Faktoria magazinean eskaini berri duen elkarrizketan azaldu duenez, uko egin dio txapelketa horretan parte hartzeari: “Espainiako kamisetarekin ez naiz aterako eta ez dut korrika egingo”.
Argi daukala nabarmendu du: “Horrela erakutsi didate nire familiak; gure fideltasuna zaintzea garrantzitsua da”. Hain zuzen ere, bere aitak gauza bera egin zuen bere garaian atletismoan, Usabiagak berak gogorarazi duenez.
Elkarrizketaren zehar, etorkizunean Euskal Selekzio bat ikusi ahal izateko itxaropentsu azaldu da. Usabiagaren iritziz, OCR lasterketetan Euskal Selekio bat ikustea ez litzateke ezinezkoa izango. "Andorrak lortu du, nahiz eta badakigun estatu izaera baduela. OCR lasterketen inguruan ez daukagu fedraziorik, asoziazio edo elkarte bat baino. Zentzu horretan zorteko gaudela esan dezakegu, eta Andorrak egin zuen antzera, Euskal Selekzioa izan dezakegula pentsatzen dut", iritzi dio. "Edo bestela, datorren urteko Munduko Txapelketan errusiarren moduan egingo dugu: federaziorik gabe lehiatu", gaineratu du.







