lahaine.org
Nacionales E.Herria, Euskal Herria :: 03/03/2022

Martxoaren 3-ko irakurketa

JARDUN
"Gasteizen Martxoaren 3ko mobilizazioan egongo gara eta Euskal Herri Langileari mobilizazioan parte hartzeko deia luzatzen diogu.

MARTXOAREN 3a, BORROKAREN HILEZKORTASUNA

1976ko Martxoaren 3an Gasteizen greba orokor eguna zen, hilabete luzez emandako antolakuntza prozesu eta borroka desberdinetan egondako greben artean oihartzun handiena izan zuen deialdia, alegia. Egun horretan hiri osoko langileriak, 10.000 langiletik gorak, ikasle eta beste langile sektoreekin batera, deialdiarekin bat egin zuten. Klase elkartasunaz blaitu eta Gasteizko jardun ekonomikoa gelditu zuten.

Garaiko bizitzaren garestitze orokorrari aurre egiteko tresna nagusia klase borroka izanik, haien aldarriak, besteak beste, 8 orduko lan jardunaldia, oporrak izateko eskubidea edota soldata igoerak ziren. Batasunaren bitartez kaleak hartzeko egun bat zen hura, Espainiako estatu frankistak inposatu nahi zien egoera sozial eta ekonomikoari aurre eginez, eskaera partzialetatik haratago hobekuntza integrala bilatzeko asmoz. 

Estatu frankista egoera honen beldur zenez, errepresio basatiaren bitartez bake soziala inposatzen saiatu zen, 5 langile akatuz tiroka eta ehundaka zaurituz. Gasteizko langileriak pairatutako errepresioa langile klasearentzat eredu gisa erabiltzen saiatu ziren, eta hurrengo egunetan beste gune industrialetan egondako elkartasun mobilizazioen aurka oldartu ziren, Gironan seigarren langile bat ere erail zutelarik tiroka.

1976ko borroka prozesuko baldintzak ez ziren errazak izan. Baina askorentzat hilabete luzeko greba izan arren, borrokan tinko mantendu ziren, klase batasunaren bitartez langile sektoreen arteko desberdintasunak gainditzea erdietsiz, eta etsaiari aurre egiteaz gain, euren aldarrikapenak onartuak izatea lortuz. Hala ere, borroka horien oroimenetik haratago eraman behar ditugu gure lanketak, Euskal Herri Langileak pairatzen duen zapalkuntza eta esplotazio egoera ez baita gainditu. Antolakuntzan lan egiten jarraitu behar dugu, langile klasearen bizi baldintzak hobetzeko asmotik haratago, benetan langileriaren mesedetan jardungo duen sistema politiko baten lorpena bilatuz. 

Esperientzia horretatik ikasi beharra dugu, klase perspektibatik zapalkuntza eta esplotazioari aurre egiteko hautua egin beharra dugu. Egoera hau iraultzeko, maila lokaleko problematikez haratago, sistema kapitalistaren esplotazioa eta Espainiako zein Frantziako estatuen zapalkuntzari aurre egiteko, Euskal Herrian alternatiba iraultzailea antolatu behar dugu. 

JARDUN koordinadoratik Euskal Herriko langile sektore desberdinen artean zubiak eraikitzearen beharra aldarrikatzen dugu. Horregatik, Gasteizen Martxoaren 3ko mobilizazioan egongo gara eta Euskal Herri Langileari mobilizazioan parte hartzeko deia luzatzen diogu. 

Gora Euskal Herria askatuta!

Gora Euskal Herri sozialista!

https://www.jardunkoordinadora.org/martxoaren-3ko-jardun-en-irakurketa/

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal