Migratzaile bat jipoitu zuen Donostiako udaltzaina postuz igo dute
Donostiako Udalak lurrean zegoen migratzaile bati dozena erdi kolpe baino gehiago eman zizkion udaltzain hori bera ofizialorde izendatu du.
Iazko abenduan, polizia indarkeriaren lekukotzak biltzen dituen Txago kolektiboak, duela bi urte grabatutako bideoa zabaldu zuen Instagramen. Irudietan ikus daiteke Donostiako udaltzain batek lurrean dagoen migratzaile bati dozena erdi kolpe baino gehiago ematen dizkiola, beste bi agenteek ezer ere egiten ez duten bitartean. Irudiak Antiguako Zubimusu parkean grabatu zituzten. Joan den hilean, Donostiako Udalak migratzailea neurrigabe jipoitu zuen udaltzain hori bera ofizialorde izendatu zuen jakinarazi du LAB sindikatuak.
Udaleko iturriek erasoa justifikatzen saiatu ziren, esanez, migratzaileak gainean zuen udaltzainari hozka egin ziola hankan, eta horregatik jipoitu zuela hark. Hala ere, Udalak eta Jefaturak bideoa ikusi zutenean, larriturik, neurri administratiboak hartu zituzten, baina jipoitutako migratzaileak salaketarik jarri ez zuenez, gaia artxibatu zuten.
LABek azpimarratu du hau guztia jakin dela kalean zihoan herritar ezezagun batek gertakaria filmatu eta sarean jarri zuelako.







