lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 26/01/2025

Migratzaileei laguntzeagatik auzipetutako 7 ekintzailei babesa erakutsi diete milaka herritarrek

Agentziak/La Haine
“Migrazio politika hiltzaile eta arrazistak” salatu zituzten eta ekintzaileen kargugabetzea eskatu zuten mobilizazioan.

Iazko Korrikan 36 migratzailek Irun eta Hendaia arteko muga pasatu zuten, eta zazpi lagun auziperatu zituzten “talde antolatuan migranteak muga pasatzen eta aterpetzen” laguntzea leporatuta. Bihar epaituko dituzte zazpiak, eta horren harira, milaka herritar manifestatu ziren atzo goizean Irunen, auziperatuen kargugabetzea eskatzeko. Manifestariak Irungo Ficobatik abiatu ziren, Santiago zubia gurutzatu zuten eta Pausuko igarobidean amaitu zuten mobilizazioa. Osotara 2.500 herritarrek bat egin zuten deialdiarekin.

Antolatzaileak azaldu zutenez, bi helbururekin bildu ziren: Batetik, “Europan eta estatu espainolean zein frantsesean ezartzen diren migrazio politika hiltzaile eta arrazistak” salatzea, zeinak “milaka lagunen bizitzak arriskuan” jartzen dituzten; bestetik, berriz, auziperatu dituzten Bidasoaren bi aldeetan antolatuta dagoen elkartasun sareko kideei elkartasuna adieraztea. “Etengabe eskatu dugu epaiketa bertan behera geratu behar dela; kargugabetu egin behar dituzte”, esan zuten. Ondoren kanpainaren eta manifestazioaren arrazoia eman zuten: “ez dago inongo deliturik egin duten lan horretan guztian; eta zeragatik diogu j'acusse edo guk akusatzen dugu: epaitu beharrekoa ez da elkartasuna, bederatzi pertsona Bidasoan hiltzera kondenatu dituzten migrazio politikak eta horiek indarrean jartzen dituztenak baizik”. Mobilizazioaren bukaeran, “Euskal Herria harrera herria izan dela, badela eta izaten jarraituko duela” adierazi zuten.

Asteartean epaituko dituzte zazpi ekintzaileak Baionako epaitegian, eta 13:00etan elkarretaratzea deitu dute epaitegiaren atarian horiei babesa adierazteko, eta jasotako autoinkulpazio guztiak eramango dituzte bertara.

(Argazkia:Guillaume Fauveau)

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal