lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 04/03/2026

Milaka herritarrek hartu dituzte Gasteizko kaleak martxoaren 3an

La Haine - Euskal Herria
Langile sarraskiaren 50. urteurrenean, "Kapitalaren erasoen aurrean, borrokak darrai!" lelopean mobilizatu da JARKI antolakunde iraultzailea.

Milaka herritar bildu ziren atzo Gasteizko kaleetan duela 50 urte Espainiako Poliziak egindako langile sarraskia salatzeko. Sarraskia, 1976ko martxoaren 3an, Gasteizko Zaramaga auzoan izan zen. Hilabete luzeetako protesten ondoren, hirugarren greba eguna zen Arabako hiriburuan: enpresetako langileek, ikasleek, irakasleek... bat egin zuten deialdiarekin, eta jende ugari atera zen kalera, lan baldintza hobeak eskatzeko. Protesten artean, San Frantzisko elizaren barruan bilduta zeuden milaka langile, eta orduan gertatu zen sarraskia: Espainiako Poliziak negar gasa bota zien, bertatik aterarazteko. Langileak bertatik atera nahian ari zirela, poliziak tiroka hasi ziren: bost langile hil zituzten, eta ehundik gora zauritu.

Langile sarraskiaren 50. urteurrena zela-eta, bloke bat egin zuen arratsaldean JARKI antolakunde iraultzaileak, "Kapitalaren erasoen aurrean, borrokak darrai!" lelopean. San Fratzisko elizatik abiatu eta Gasteizko Katedral Berrian amaitu zen mobilizazioa. Manifestazioaren zehar, "Herriak ez du barkatuko", "Euskal Herri Langilea aurrera", "Independentzia, Sozialismoa" eta "Policía asesina" oihukatu zuten, besteak beste, eta duela mende erdia Espainiako Poliziak eraildako bost beharginen irudiak izan ziren moblizazioaren buruan. Ondoren, Martxoak 3 elkarteak eta ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek antolatuta, manifestazio laburra egin zuten Andre Maria Zuriaren plazaraino.

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal