lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 28/01/2024

Milaka pertsona manifestatu dira Goierrin Palestinarekin Elkartasunak deituta

La Haine - Euskal Herria
Plataformak hainbat erakunde eta enpresen konplizitatea salatu du Israelgo estatuarekin, bereziki CAF enpresarena.

Larunbatean milaka pertsona bildu ziren Ordizian Palestinarekin Elkartasuna plataformak antolatutako manifestazioan. Manifestazioa San Bartolome auzotik abiatu zen Palestinako bandera eta ikurriña erraldoi batzuen atzetik, manifestariek pankarta bat zeinean “Sionismoarekin konplizitaterik ez” irakurri ahal zen eusten zuten bitartean. Manifestariek “Boikot Israel, Palestina askatu!” edo “itsasotik ibaira, Palestina aurrera” ohiukatu zuten besteen artean eta ibilbidean zehar Palestinaren askatasunaren aldeko eta sionismoaren kontrako hainbat pankarta ikusi ahal ziren. Beasainen bukatu zen manifestazioa eta hango plazan agiri bat irakurri zuten.

Agirian Palestinaren eta Israelen arteko gatazkari buruz  aritu ziren antolatzaileak mobilizazioa amaitzean. Uste dute «kolonizazioan eta apartheidean oinarritzen den entitate sionista horren desagerpenaren bidez eta deskolonizazio prozesu integral baten bidez etorri» behar duela Palestinaren askapenak, eta funtsezkoa iruditzen zaie «klase eta herri zapalduen arteko elkartasuna eta antolaketa internazionalista». Kontrara, uste dute Palestinaren askatasuna ez dela iritsiko «Israel zilegitzen duen nazioarteko komunitate deiturikoaren eskutik», eta dei egin dute Euskal Herrian «sionismoaren adierazpen guztien aurka» borrokatzera eta erresistentziarako «eskubide osoa duen palestinar herriari elkartasun aktiboa adierazten jarraitzera».

Era berean, Israelgo Estatuarekin negozioak eta harremanak dituzten euskal enpresak eta erakundeak salatu dituzte eta CAF jarri dute horren eredu nagusi gisa, izan ere, Palestinako lurren «okupazioan eta kolonizazioan» duen rola arbuiatzeaz gain, enpresari eskatu diote uko egiteko Jerusalem ekialdeko tranbiaren proiektuari. Hala ere, beste enpresa batzuk ere aipatu dituzte, M. Torres, Sener, ITP Aero eta Sapa, esate baterako. Espainiako eta Frantziako gobernuek, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Euskal Hirigune Elkargoak eta beste hainbat erakunde publikok ere Gazan gertatzen ari denaren erantzukizuna dutela esan dute, baita horiek kudeatzen dituzten alderdiek ere. Izan ere, instituzio horiek «bakearen alde» egiten dituzten adierazpenak «paper errea» baino ez dira antolatzaileentzat, palestinar erresistentzia «kriminalizatzen» dutelako eta Israelgo Gobernuarekin harreman «ekonomiko, politiko eta militarrak» izaten jarraitzen dutelako.

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal