Milaka pertsona mobilizatu dira Iruñean Palestinaren askatasuna aldarrikatzeko
Atzo, maiatzak 18, milaka pertsona hartu zituzten Iruñeako kaleak Palestinarekin Elkartasunak egindako deialdiari erantzunez. Goizeko 12:30ak aldera abiatu zen manifestazioa Basotxo kaletik "Gora Palestinar Erresistentzia" oihuen artean. Ondoren manifestazioa hiriko erdialderantz joan zen "Boikot Israel, Palestina askatu" oihuen artean eta ikusi zenez Armadako etorbide guztia okupatu zuten. Ibildean zehar Palestinaren aldeko hainbat mezu ikusi ahal ziren pankarta zein margoketen bidez eta Espainiako Gobernuaren Delegaritzara heldu zirenean ekintza sinboliko bat burutu zuten honek Israelekin duen konplizitatea salatzeko. Carlos III. etorbidetik pasa eta gero Sarasate pasealekuan bildu ziren manifestariak eta han plataformaren ordezkariek agiri bat irakurri zuten.
Agirian adierazi zutenez azken hilabeteetan Ikusten ari garen sarraskia hitz bakarrez deskribatu daiteke, "genozidioa". Jarraian badela garaia "genozidioaren erantzuleei eta euren konplizeei" aurrez aurre begiratzeko eta badela garaia "Palestinaren aldeko borroka Israelen eta bere konplizeen aurkako borroka ere bihurtzeko" adierazi zuten. Bide horretan Palestinaren askatasuna eskuratzeko, errefuxiatuen itzulera bermatzeko, preso politiko palestinarren askapena lortzeko eta zapalkuntzarik gabeko palestina askea eraikitzeko, "ezinbestekoa dela deskolonizazioa eta Israelgo Estatuaren suntsipena" aldarrikatu zuten. Horrez gain, salatu zuten genozidioa ez litzateke posible izango mendebaldeko gobernuen "babes politiko, ekonomiko eta militarrik" gabe, izan ere, PSOE buru den Espainiako Gobernuak "esku batekin bi estatuen irtenbidea proposatu eta Palestina formalki aitortuko duela adierazten duen bitartean; beste eskuarekin estatu sionista armaz hornitzen" jarraitzen duela salatu zuten. Honen aurrean, esan zuten bi estatuen proposamena, irtenbide erreala baino, beste "promesa faltsu bat" dela. Batetik, proiektu sionistaren "izaera kolonialak ezinezko egiten duelako palestinar estatu bideragarri" baten sorrera eta bestetik "mendebaldeko bloke inperialistak ez duelako bere kabuz onartuko Ekialde Hurbilean, Asia mendebaldean, duen aliatu pribilegiatua ahultzea". Geroago, internazionalista iraultzaileen izan beharreko posizioa argitu zuten, "Israelgo Estatuaren desagerpena eta Palestinaren deskolonizazioa" eta horretarako hurrengo eginkizunak jarri zituzten:
1. Palestinarren erresistentzia eskubidearen defentsa egitea.
2. Israelgo Estatuaren adierazpen politiko, ekonomiko eta kulturalak
desnormalizatu eta borrokatzea.
3. Sionismoaren konplize diren enpresa, gobernu eta ezker-eskuineko alderdi
politikoak presionatzea harreman oro eten dezaten. Boikota, desinbertsioak
eta zigorrak.
4. Kapitalismoak sortzen duen gerra eta genozidioaren kontra, herri
desberdinetako langileon/zapalduon elkartasun internazionalista antolatzea.
Bukatzeko Palestinarren erresistentzia "mundu osoko zapalduontzat eredugarri izaten ari den honetan,
guk ere biderkatu dezagun sionismoaren eta bere kolaboratzaileen kontrako borroka" gehitu zuten.