Militante bat atxilotu dute Biriatun

Euskal Irratiek jakinarazi dutenez, goizeko aurreneko orduan, Euskal Herrian Euskaraz-ko militante bat atxilotu du Frantziako Poliziak Biriatun (Lapurdi). Gizon gaztea Urruñakoa da jatorriz, baina Biriatun bizi da. Egunean zehar atxiloketari buruzko oso informazio gutxi zabaldu da, baina hainbat iturrik baieztatu dutenez, bere militantzia politikoari lotuta dago polizia operazioa. Baionako prokuradoreak dio "Terrorismoaren apologia" leporatzen diola gazteari. Era berean, ikerketa zabalik duela Poliziak gaineratu du prokuradoreak, eta, iturri batzuen arabera, atxilotuaren bikotekidea ere deitu dute deklaratzera.
Urruñako ikastolan lan egiten du atxiloturiko gazteak. Hori dela-eta, Urruñako ikastolako irakasleek, langileek eta bulegoak babes osoa adierazi nahi izan diote, elkarretaratzera deituz. 17.30ean hasi da mobilizazioa herriko frontoian, eta hamarnaka herritarrek atxiloketa salatu dute. Manifestariek ikurrina bat zeramaten eta ‘Unai askatu!' leloa behin eta berriro errepikatu dute. Larunbatean, manifestazioa egin zuten Baionan, azken hilabeteetako errepresioa salatzeko.







