lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 16/05/2026

Nakbaren 78. urteurrenaren harira, manifestazioak egin dituzte Hego Euskal Herrian

La Haine - Euskal Herria
Palestinarekin Elkartasunak salatu du Israelek palestinarren garbiketa etnikoa areagotu eta inoiz baino argiago erakutsi duela “Israel handiaren proiektua” gauzatzeko asmoa.

Israelgo Estatu genozidaren kontrako mobilizazio-eguna izan zen atzokoa Euskal Herrian. Nakbaren 78.urteurrena izan zen atzo, eta, horri lotuta, mobilizazioak egin dituzte Donostiako, Bilboko, Gasteizko eta Iruñeko karriketan.

Palestinarekin Elkartasuna platarfomaren iritziz, “78 urte geroago, Palestinan Nakba gisa ezagutzen dugun garbiketa etnikoari amaiera emateko lasterketa zoroa areagotzen ari da Israel”. Plataformaren arabera, 2023ko urritik Israelek inoiz baino argiago erakutsi du “Israel handiaren proiektua” gauzatzeko asmoa, okupazioa sakonduz eta eskualde osora hedatuz, Libano barne. AEBk Iranekin zuten su etena hautsi ondoren, bonbardaketekin eta kolonizazioarekin jarraitzeko asmoa berretsi du Israelek, Gazan, Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean erasoak gogortuz. Egoera horren aurrean, plataformak aldarrikatu du Israelgo Estatuaren desegitea dela “eskualdeko herri langileen askatasuna lortzeko berme bakarra”.

Ameriketako Estatu Batuen eta Israelen aurrean “erresistentzia eta elkartasuna” aldarrikatu zituzten beste behin. Protestan adierazi zutenez, Israelgo proiektu koloniala ezinezkoa litzateke kanpoko babes militar, ekonomiko eta politikorik gabe. Horren harira, Mendebaldeak palestinarren deshumanizazioa eta erresistentziarako duten eskubidearen ukazioa “normalizatu” dituela nabarmendu zuten. Deshumanizaio estrategia horren adibide gisa aipatu zuten Israelgo Parlamentuak berriki onartutako legea, palestinarrei heriotza zigorra ezartzeko aukera ematen duena.

CAFi sionistekin dituzten harremanak eten ditzatela exijituko diote

Mobilizazio baten ondoren, beste bat iragarri dute: ekainaren 13an manifestazioa egingo dute Beasainen (Gipuzkoa), eguerdian, “CAFen akziodunen batzarraren aurka”. Antolatzaileek euskal herritarrak “mobilizatzera, konplizeak seinalatzera eta borrokara bat egitera” deitu dituzte.

Ildo horretan, Palestinarekin Elkartasunak okupazioa sostengatzen duten enpresekiko eta instituzioekiko harremanak eteteko eskatu, eta CAFen inplikazioaren adibidea azaldu du: “Lurralde okupatuak Jerusalemgo hirigunearekin lotzeko eraikitzen ari diren apartheidaren trenak Palestina kolonizatzeko tresna dira”. Harreman ekonomikoak eteteaz gain, egindako krimenengatik erantzukizunak hartzeko galdea helarazi diete enpresaburuei.

(Irudiak:Palestinarekin Elkartasuna eta Ahotsa)

 

Contactar con La Haine

 

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal