NATO-ren aurkako mobilizazioak egingo dituzte martxoren 12an


1986ko martxoaren 12an Hego Euskal Herriak ezetz esan zion NATOri, Felipe Gonzalezek Estatu mailan antolatutako erreferendumean. Data hori gogoan, ezezko horren espirituari berriro heltzeko dei egin du Askapena antolakunde internazionalistak, eta mobilizazioak iragarri ditu martxoaren 12rako Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Bilbokoa 19:00etan abiatuko da Eliptika Plazatik eta hainbat eragilek antolatuko dute. Ordu berean hasiko dira Donostiakoa eta Iruñekoa, Bulebarrean eta Udaletxe plazan, hurrenez hurren. Iruñekoa ere hainbat eragileren artean antolatuko dute. Gasteizen 19:30ean ekingo zaio mobilizazioari, Correosetik.
Askapenak “gerra inperialistari gerra” egitera deitu du. Nazioartean dauden askotariko “gerra inperialistak” salatu, eta “klase eta herri erantzun internazionalista aktibatzeko” asmoa hartu du. Antolakunde internazionalistak azaldu duenez, gerra ez da etorkizuneko hipotesi bat: “Gerra hemen da”. Hain zuzen, horregatik uste dute ari direla areagotzen diskurtso belizistak, gerra industrian inbertitzeko mezuak eta gastu militarra. Uste dute burgesia inperialistak gerraren beharra duela, bi arrazoirengatik: “Munduko egungo banaketa inperialistari eusteko, eta sistema kapitalistaren krisiari erantzuteko”. Horri aurre egiteko, garrantzitsutzat jo dute herri erantzuna antolatzea: “Gerrari gerra egitea da burgesiaren gerratik desertatzea, uko eginez armetarako deiari, erasopean dauden herri langileekiko elkartasuna aktibatuz eta estrategia internazionalista berrantolatuz”.
(Irudia:Ecuador Etxea)