Ongi etorria egin diete asteartean Bilbo eta Algortan atxilotutako bi militante internazionalistei

Asteartean Espainiako Poliziak Iranekin Bat plataformako bi kide atxilotu zituen, Hezbollah miliziarekin lotura izatea egotzita. Iranekin Bat plataformak zabaldutako oharrean azaldu zuenez, poliziak "erakunde terroristako kide izatearen delitua" egozten die bi kideei, besteak beste. Plataformak irmo gaitzetsi zituen akusazioak, eta adierazi zuen seinalamenduek "ez dutela inolako zilegitasunik", haien hitzetan, lotzen dituzten erakundeek izaera legala eta parlamentarioa dutelako Libanon. Era berean, salatu zuten auziaren atzean "eraso sionista eta inperialismo genozida" salatzen dutenak isilarazteko eta jazartzeko asmoa dagoela. Kasu errepresibo honen aurrean, ASKE antolakundeak elkarretaratzera deitu zuen astearterako, atxilotuei elkartasuna eta babesa adierazi eta eurentzako askatasuna aldarrikatzeko. Hainbat herritarrek bat egin zuten deialdiarekin.
Ostiral goizean pasa ziren Espainiako Auzitegi Nazionalaren epailearen aurretik, 72 ordu atxilotuta izan eta gero. Epaileak fidantzarik gabe aske utzi zituen Getxoko (Bizkaia) Algorta auzoan eta Bilbon atxilotutako bi kideak, baina pasaporteak kendu dizkie, eta Espainiako mugetatik irtetea debekatu. Kautelazko beste neurri batzuk ere ezarri dizkiete atxilotuei, hala nola helbide bat eta telefono zenbaki bat ematea, behar izanez gero haiek berehala aurkitu ahal izateko. Halaber, hamabostean behin epaitegian aurkeztu beharko dute.
Atzo arratsaldean prentsaurreko bat egin zuten Bilbon, Arriaga antzokian. Amnistia osoa eskatu zuten, eta salatu internazionalismoa eta elkartasuna ez direla delitu. Honetan, publikoki salatu zuten azken asteotan jasandako errepresio eta jazarpen bortitza. Azaldu dute Espainiako Auzitegi Gorenetik bideratutako operazioa eta atxiloketak Irango enbaxadoreak maiatzean Euskal Herriko herri batzuetan emandako hitzaldiekin abiatu zela. "Plataformak enbaxadorea gonbidatu zuen asteburu batean hitzaldi batzuk ematera, zeinak adierazpen askatasunaren parte diren". Atxiloketen aurrean, hainbat hedabideren sentsazionalismoa salatu zuten: "Plataformaren aurkako artikuluak idatzi dituzte, ustezko prentsa librea bi atxilotuen militantzia politikoari zilegitasuna kentzeaz arduratu da". Adierazi zuten hedabide horiek Espainiako Estatuko "lobby sionistaren lan zikina" egin dutela, errepresio kanpaina abiatzeko epaientzat eta polizientzat "testuinguru perfektua" eraikita. Bukatzeko, arratsaldeko 19:30ak aldera, ongi etorri beroa eman zieten bi militante internazionalistei. Algortan izan zen ongi etorria, eta hamarnaka herritar elkartu ziren.







