Pablo Gonzalez aske utzi dute
Pablo Gonzalez kazetaria aske utzi dute, Errusiara bidaliz, izan ere, Errusiaren eta Poloniaren arteko preso truke baten harira askatu dute Gonzalez, Poloniako espetxe batean bi urte eta bost hilabete gatibu izan ostean.
2022ko otsailean, Poloniako zerbitzu sekretuek atxilotu zuten Pablo Gonzalez, espioitza lana egiteaz akusatuta. Garai hartan, Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazka piztua zen, eta Gonzalez Polonian zegoen, Ukrainatik herrialde horretara ihes egiten saiatzen ari ziren errefuxiatuen krisiaren berri emateko. Geroztik, Radomgo segurtasun handiko espetxean egon da. Haren senitartekoek behin baino gehiagotan salatu dutenez, denbora tarte horretan Poloniak ez du haren kontrako akusazio zehatzik aurkeztu, eta haren espetxealdia etengabe luzatzen aritu da. Bi urte eta bost hilabete preso eman ostean, hura epaitzeko eguna ezarri gabe zegoen oraindik.
Gonzalezen abokatuak nabarmendu du Errusiako agintariek “benetako interesa” erakutsi dutela auzia konpontzeko, eta, zuzenean aipatu ez arren, Espainiako Gobernuak izandako jarrera txarretsi du: “Beste batzuk, aldiz, Pablo Gonzalez kriminalizatzen ahalegindu dira, hura defendatu eta kazetari gisa dituen eskubideak babestu beharrean”. “Pablo Gonzalez, kazetaritza lanagatik eta bere konpromisoagatik nabarmendu den kazetaria bera, aske da berriro ere, bolada bat bidegabeki preso eman ostean”, erantsi du haren defentsak. “Gertaera honek agerian uzten du prentsa askatasuna eta kazetarien eskubideak babesteko beharra”. Oharrean jasotakoaren arabera, Gonzalezen senitartekoek esker ona adierazi nahi diete kazetariaren alde aritu diren pertsona eta erakunde guztiei, eta Free Pablo plataformak egindako lana txalotu dute bereziki. Halaber, iragarri dute Gonzalezek zuzenean erantzungo diela hedabideen galderei “hori egiteko moduan egon bezain pronto”.