lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 15/03/2025

Preso bat hilda aurkitu dute Zaballan

Alea
35 urte inguruko gizon gasteiztar bat hil da Zaballan, Salhaketa Araba elkarteak baieztatu duenez. Bederatzi pertsona hil dira EAEko espetxeetan eskumena Eusko Jaurlaritzak hartu zuenetik, 2021ean.

Salhaketa Araba elkarteak jakinarazi du preso bat hil dela Arabako espetxean, Zaballan. Gaur goizean topatu dute ziegan. Gasteiztarra zen hildakoa, 35 urte ingurukoa. Heriotza salatzeko elkarretaratzea deitu dute datorren asteazkenerako, martxoak 19, 13:00etan Andre Maria Zuriaren plazan.

Errespetu moduluan zegoen presoa, modulu "gatazkatsuan", eta medikazio psikiatrikoa jasotzen ari zela adierazi du Salhaketak. Presoen eskubideen aldeko kolektiboak ondorioztatu du suizidioaren aurkako protokoloa ezarria ziotela presoari, beste preso batekin baitzegoen ziegan. Protokolo horren arabera beste preso bat sartzen dute ziega berean "babes" neurri gisa. Salhaketatik ohartarazi dute bigarren preso hau ez dagoela trebatua osasun eta medikuntza lanetan, eta historial psikiatrikoa duen pertsona batek arreta berezia behar duela.

Salhaketak fiskaltzari exijitu dio ofizioz hasi dadila heriotza hau ikertzen, eta baita azken urteetan emandako gainerako heriotzak ere.

2021ean hartu zuen Eusko Jaurlaritzak espetxeen eskumena, eta bederatzi pertsona hil dira ordutik EAEko kartzeletan. Salhaketatik gaitzetsi egin dute kartzeletako osasun arreta, eta sarbidea mugatua izaten dutela presoek. Salatu dute, era berean, "sistematikoa" izan dela espetxeetako ordezkariek heriotzak izkutatu izana kanpoaldera.

Gardentasun falta egotzi die Salhaketak euskal espetxeetako arduradunei, eta berehalako neurriak hartzera deitu ditu Espetxeetako Zuzendaritza eta gobernua. Gainera, presoen eskubideen aldeko elkartetik ohartarazi dute kartzelek "eragin suntsitzailea" dutela barneratuen osasun mental zein fisikoarentzako.

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal