Rosa Zarra Ertzaintzak jaurtitako pilota batek erail zuela onartu du Eusko Jaurlaritzak


Rosa Zarra 1995eko ekainaren 30ean hil zen, Donostiako Ospitalean, zortzi egun ondoren. Gertaerak ekainaren 22an hasi ziren, Donostiako Amara Berri auzoko Bakearen Usoaren ondoan. Garai hartan, maiatzaren 8an ETAk José María Aldaya enpresaria baitu zuen, eta hori salatzeko bilkura bat antolatu zuten hainbat ultraeskuindarrek aipatutako plazan, Anoetako estadioaren inguruetan. Honi aurre egiteko, Euskal Herria Askatu ekimenak bilkura bat deitu Usoaren plazan, astero Aldayaren askatasuna eskatzen zutenaren inguruan. Ertzaintza Euskal Herria Askatuko ekitaldian bildutakoei oldartu zitzaien. Istiluen artean pilotakada batek sabelean eman zion Zarrari eta Donostiako Ospitalera eraman zuten senideek. Ertzaintzak ez zion laguntzarik eskaini. Ospitalean ikusi zuten ubeldua zuela sabelean, baina ezer ikusi ez ziotenez etxera bidali zuten. Ekainaren 25ean berriz ospitaleratu zuten eta ebakuntza egin zioten. Orduan ikusi zuten heste lodia geldirik zuela eta infekzio bat zabalduta. Zaintza intentsiboetan sartu, baina ekainaren 30ean hil zen, 58 urterekin.
Garai hartan Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu zenak, Juan Maria Atutxak, adierazi zuen aurretik zeukan gaixotasun batengatik zendu zela, alegia, ez zuela jasotako pilotakadak Zarraren heriotzan zerikusirik izan. Orduko bertsio ofiziala gezurtatuta, Eusko Jaurlaritzako Biktimen Balorazio Batzordeak ebatzi du pilotakadaren ondorioz hil zela. Hain zuzen ere, horixe da iragan astean Rosa Zarraren familiari Balorazio Batzordeak aitortutakoa. Sei metroko distantziatik bota zuen Ertzaintzak pilota, eta sabelean jo zion.