Sarekada polizial bat Iruñerrian, Vito Quilesen aurkako mobilizazioaren harira
Espainiako Poliziak gutxienez 26 pertsona atxilotu ditu. Ikerketa zabalik dago oraindik, eta pertsona batzuk telefonoz deitu dituzte komisarian aurkezteko.
Gaur goizean gutxienez 26 pertsona atxilotu dituzte urriaren 30ean Vito Quilesi aurre egiteagatik. Ez dira auzi honetako atxilotu bakarrak: azaroaren 21ean lau lagun atxilotu zituzten eta otsailaren 6an ere beste bi lagun. Ikerketa zabalik dago oraindik, eta pertsona batzuk telefonoz deitu dituzte komisarian aurkezteko.
Pasaden urtean, Quilesek elkarretaratzeak egin zituen Espainiako eta Herrialde Katalanetako zenbait unibertsitatetan, eta Euskal Herrian ere halako bat egiteko deia egin zuen, urriaren 30erako, Iruñean. Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio Fakultatean mobilizatzeko deia egin zuen, unibertsitatearen baimenik gabe. Azkenean, baina, ez zen bertaratu. "Zuen lagunek, terroristek, ez digute utzi Nafarroan sartzen", esan zuen Quilesek berak bideo batean; Diario de Navarra egunkariaren egoitzaren kanpoaldean grabatu zuen, Cordovillan (Nafarroa).
Izan ere, Quilesen deialdiak mugimendu antifaxisten erreakzioa eragin zuen, eta dozenaka lagun elkartu ziren unibertsitatean, Faxismoaren aurrean kaleak hartu lelopean. Han istiluak izan ziren eskuin muturreko ekintzailearen kontra mobilizatutakoen eta Espainiako Poliziaren artean. Egun hartan, bi lagun atxilotu zituzten.







