lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 08/01/2014

Si vis pacem, para bellum

Aitor Martinez Ibarrola
Gaur komunikatuaren ondorioz ezker abertzalean orokorrean ikusi ditudan erreakzioak salatzera nator, puntu konkretu batzuetan sintetizatuta. Ekin diezaiogun, bada.

EPPKren komunikatuarekin bukatu dugu urtea. Ez naiz, hala ere, komunikatua bera analizatzera sartuko; ez modu konkretuan, behintzat. Azkeneko sarrerak aurreikus nezakeen erabakiaren inguruko hausnarketak egiteko erabili ditut, eta, jada, ezaguna izango zaio, irakurri dituenari, gaiaren inguruan dudan iritzia.

Gaur komunikatuaren ondorioz ezker abertzalean orokorrean ikusi ditudan erreakzioak salatzera nator, puntu konkretu batzuetan sintetizatuta. Ekin diezaiogun, bada.

1) Aldebakartasunaren teoriaren determinismoa :

Teoria honen arabera, eginbidearen erdiko puntua urratsak ematea bilakatu da. Urratsak ematearekin balorazio positiboa egiten da. Urratsik ematen ez bada, negatiboa. Honetan guztian garrantzia gutxi du urratsa zein norabidetan egin den, balorazio guztiak urratsak ematea eta ez ematearen arteko dialektikan oinarritu baitira. Hortaz, EPPK-k urratsa eman du eta estatuak ez. Irabazi dugu.

Argudio sinplistagorik?

2) Beti presoen alde:

Lehenengo puntuan aipatutako teoriaren ildotik, presoek hartzen duten erabakia hartuta ere, beti euren alde agertuko dela entzun diot bati baino gehiagori. Horrekin, amnistiaren aldarria zabaldu izan balute, berdin babestuko zutela adierazi nahi dute. Honek, aurretik, balorazioa baldintzatzen du. Gainera, mugimendu jakin batekiko dependentzia handiagotzen du, pentsamendu kritikoa alboratuz eta borregismoa sustatuz.

80garren hamarkadan ETA politiko-militarra dinamitatu zutenak preso ohiak izan ziren. Onaindia, Bandres… horiek erakunde iraultzailea saldu zioten estatuari. Egungo prozesua ez da garai hartakotik urrunegi egongo. Ez ditut imajinatzen, hala ere, egun presoei babes osoa ematen dietenak “polimiliak” desagerrarazi zituztenen aurrean halako jarrerarik izaten. Hala bada, 30 urte aurreztea genuen. Egoera hartan ezin izan zuten gehiengo bat lortu bide horri ekiteko. Egun, gehiengoa, ordea, nahiko abstraktua da, immobilismoan oinarritzen delako, erabakien onarpen pasiboan.

Ni ere, beti presoen alde, baina preso direlako, ez erabaki egokiak hartzen dituztelako.

3) Irabazlearen hegemonia:

a) Logika hegemonikoa: aldebakartasunak jendartean logika garaile bat ezartzea lortu du, edo behintzat, bide horretan ari da. Denek ulertuta dute bake prozesurako oztopoa dela ETA; baita ezker abertzaleko gizasemeek ere. Horixe baitu aldebakartasunak: estatuari interpelazioa egin nahian, estatua ebidentzian utzi nahian, nork bere burua biluztu behar du, eta bere buruari estatuari baino exijentzia handiagoak egin. Orain ETAren armagabetzeaz ari zaizkigu. Kulero eta galtzontziloak kendutakoan, zer izango dugu eskaintzeko? Zikoitza da aldebakartasuna, gehiago eskatzen du beti.

b) Barne mailako hegemonia: barnera begira ere pisu handiagoa duten aurpegiak daude. Nekez uler dezaket nola kartzela barruetan, sakabanaketa medio, bidera daitekeen halako eztabaida bat. Eta ahal bada, nekez aitor diezaioket, egin den bezala, tamaina horretako zilegitasunik.

Ezaguna da ezker abertzalean, beti, presoen auziak tentsioak sortu izan dituela eta eztabaida luzetarako gaia dela. Honen kontrolak eta presoak agintaritza politikoaren ideologia hegemonikora hurbiltzea txanpon berdinaren alde berdina dira. Prozesuak, desitxuratzerik paira ez dezan – eta honetara dator gorago aipatutako zilegitasuna- errealitatearekin kontaktuan dagoen subjektua behar du ezinbestean. Kaletik bideratu behar da prozesua, eta nork eta kontrol politikoa eskuratuta duena.

Benetan inork irentsi dezake auto-presiorik gabe (preso gehienek ez dute babesa ematen dion korrontearen aurka joan nahiko), kanpo presiorik gabe, presoek irakurketa bat egitea, nolakoa eta agintaritza politikoak egindako gida lerroaren berdina? Nik ez. Egin kasu, komunikatuaren errudunak ez dira presoak, kanpoan gaudenak baizik.

Min handien egiten didana, ordea, presoen erabilera politikoa da. Kanpoan irabazitako hegemonia hori indartzeko erabiltzen dira, ekintzak justifikatzeko. Azken finean, denak ari dira gatazkaren ondorioak deitutakoak euren interesetarako erabiltzen; batzuk kanpora begira, besteak barnera.

4) Legalitatearen zirkulu zikoitza:

Bada kontu bat aurrekoek baino hanka eta buru gutxiago duena: legalitatea onartzea.

Espainiar konstituzioaren bigarren artikuluak hauxe dio: La Constitución se fundamenta en la indisoluble unidad de la Nación española, patria común e indivisible de todos los españoles, y reconoce y garantiza el derecho a la autonomía de las nacionalidades y regiones que la integran y la solidaridad entre todas ellas.

Behin legalitatearen zirkulu zikoitzean sartuta, inork azalduko al dit nola irten? Konstituzioa da estatuko legalitatea arautzen duena. Konstituzioa aldatzeko gehiengo minimo bat behar da. Horregatik, legalitatearen zirkuluan, subiranotasun nazionala, euskal herritarron etorkizuna, estatuko biztanle guztien esku uzten dugu. Hemen eta orain beharko genukeen boterea deslokalizatu egiten da.

Izatea da kontzientzia determinatzen duena, eta egiten duguna gara, ez beste ezer.

5) Klabeak:

a) Inozotzat gaituzte: desitxuratze prozesuak ibilbide oso bat du atzetik. Irtenbide legala bilatu eta ondoren amnistia aldarrikatzea, gustu txarreko broma batetan bilakatu da azkenaldian. Presoen lanketa Herriraren esku geratu da, ustez ezker abertzalearen egitura bat ez den talde baten esku. Azkeneko jertsetan hauxe irakurri daiteke: “Sakabanaketarekin amaitu. Euskal Presoak Etxera”.

Anbiguotasuna orijinala litzateke aurretik jeltzaleek patentatu izan ez balute. Etxera = kartzela hurbilenera? Ez dakit, bakoitzak atera ditzala bere ondorioak, baina nago edo kanpaina komunikatiboaren akats larria dela, edo benetan presoak saldu ditugula.

b) Inozoak gara: Denak ala inor ez kanpaina, ezagutzen, ezta? Denak ala ezer ez, bakarka ezin da, fusilak ala kateak? Zertara dator kanpaina hori, ezereza aldarrikatzera? Prozesu berri bat erabaki, martxan jarri eta elikatzen den bitartean, zentzurik al dauka kanpaina horrekin jarraitzeak? Bai, badu, baina helburu jakin batekin: prozesu berriarekin konfrontazioa ezartzeko helburuarekin. Inork eszisioarekin amesgaiztoak izango ditu. Ni amets gozoetan izaten hasia naiz. Hil edo berrindartu, ez da beste logikarik. Har dezagun, arren, gure bizitzaren gidaritza. Nik ere prozesuan parte hartu nahi dut!

c) Instituzioen diktadura: “determinismo instituzionala eta indar metaketa” idatzi nuen orain denbora bat. Mugimendu guztiak, guzti-guztiak, instituzioak irabaztera bideratuta daude. Prozesua euskal jendarteak babestu eta bultzatu behar duela esaten dutenean, hitz panpoxo guztiak demokraziaren festara bideratuak daude. Ezagutu ditudan kasuetan militantziak behera egin du, murriztu egin da, eta, jakinarazi didatenez, 2002garren urtetik larrituz joan den egoera izan da. Bada ilegalizazioak seinalatzen dituenik. Eta zentzua dauka, noski. Ilegalizatuak izateak legaltasunaren bilakuntzara eramaten gaitu. Eta legaltasun horrek ez du militanterik behar, politikari sofistikatuak baizik. Botoen ordezkariak, alegia. Izan ere, ilegalizatu eta berehala, militantziak hor jarraitzen zuen. Ilegalizazioei erantzuteko hartutako bidea da erruduna.

d) Amnistia = presoak kalera + gatazkaren konponbidea: horixe irakurri nion sare sozialetan Sortuko bozeramaile bati. Eta ados nago. Non geratu da aldarria? Sinbolismo hutsean? Presoak legalitatearen mugetara iltzatuz gero gatazkaren konponbideak emaitza bat eta bakarra dauka: sumisioa eta errendizioa. Izan ere, presoak kaleratzearen alde egin bada, kosta ala kosta, bidea dena dela ere, gatazkaren konponbidea bigarren plano batetan geratzen da, amnistiak bietan aurrera egitea eskatzen badu. Gatazka politikoaren desideologizazioa ematen da zapaltzailearen politika onartzen denean. Konfrontazioa non da? Demokratikoa izateak zer esan nahi du, hautetsontzietan egingo dugula topo?

6) Ondorioak:

EPPK-k kolektibo gisa erabakia hartu du. Ez dakigu, ordea, zein indarrekin egin duen. Halako biraketak egiten direnean, ezinbestekoa da norbanako bakoitzaren jarrera ulertzea eta babes horma bat sortzea, presoetako bakoitzak bere erabakia askatasunez har dezan. Hau da, babes osoa helarazi behar zaie komunikatua babesten ez duten presoei ere, estrategia berriarekin bat ez datozenei, EPPK-k, egun, barnebiltzen ez dituen horiei. Hegemoniaren borroka kanpoan irabazi behar da, barnekoek askatasuna beregana dezaten: erabakitzeko askatasuna.

Parasitismoaren kulturan murgilduak gara. Oraindik begiak itxita dituenak, berak jakingo du, baina guda aspaldi deklaratu ziguten, gor batek ere entzun dezakeen logikaren azpian: si vis pacem, para bellum.

Amnistia eta askatasuna!

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal