Susana Atxaerandio euskal preso ohia zendu da

Gaixotasun larri baten ondorioz zendu da Susana Atxaerandio Alesanco euskal preso ohia. 2002an, Guardia Zibilak atxilotu zuen ETAren laguntzaile izatea leporatuta eta inkomunikatuta egon zen denboran elektrodoak jarri zizkiotela, kolpeak jasan zituela eta biluztu arazi egin zutela salatu zuen.
Honela azaldu zuen gertatutakoa Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean: “Lau egunez iraintzak eta tratu txarrak jasan nituen. Pertsona gisa tratatua ez nintzen egoera batean egon nintzen. Guardia Zibilak adierazpen judizial bat prestatu zuen, eman behar nituen erantzunekin”.
Espetxetik pasa ondoren, 2009an epaitu zuten beste hamar lagunekin batera, Araban eginiko sarekadak oinarri hartuta. Horien artean Unai Romano zegoen, atxilo aldian tortura basatiak jasan zituela salatu zituen gaztea. Azkenean espetxeratzerik ez zekarren zigorrak ezarri zitzaizkien, bi urte baino gutxiagokoak.
Azken bi hamarkadetan torturaren aurkako borrokan eta biktimei ahotsa ematen lanean aritu zen Atxaerandio.







