Tolosan Ertzaintzaren pilotakadaz begi bateko ikusmena galdu duen gaztearen auzia artxibatu dute
Egun hartan, 2023ko otsailaren 11tik 12rako gauean, Ertzaintza Tolosako Soldadu kalean sartu zen, taberna batean sortutako borroka baten harira izandako istiluetan esku hartzeko. Ertzaintzak jaurtitako foam pilota batek begian jo zuen Xuhar Pazos eta ikusmena galdu zuen. Orain, Tolosako Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 3. Zenbakiko epaitegiak Xuhar Pazosen auzia artxibatu egin du, haren hitzetan Ertzaintzak "araudi aplikagarriaren arabera" eta "kasuaren inguruabarrekiko modu proportzionalean" jokatu zuelako. Ebazpenean ageri denez, Xuhar Pazosen deklarazioa ez du beharrezko ikusten epaileak "autoetan agertzen diren irudietan eta ikertutako ertzainen jokabidean delitu zantzurik ikusten ez den heinean".
Xuhar Herri Plataformak dagoeneko adierazi du helegitea aurkeztuko duela ebazpenaren kontra. Izan ere, azpimarratu dutenez "epaileari nahikoa izan zaio azaroaren 27an Ertzaintzak egindako deklarazioa kasua artxibatzeko". Ziurtatu dutenez, akusazioak argazki eta bideoak helarazi dizkio Ertzaintzari ikerketan zehar, "non argi ikusten den Xuhar tirokatua izan zela, eta Ertzaintzako agenteek ez zutela inondik inora 16 urteko gaztea artatu, hasiera batean Josu Erkorekak esandakoaren kontra".
Iaz, martxoaren 5ean, orduan Segurtasun Sailburu zen Josu Erkorekak prentsaurrean adierazi zuen Pazos istiluetan parte hartzen ari zela. Biktimak ukatu egin zuen, lehen momentutik, liskarrekin zerikusirik izan zuenik. Pilotakada jaso eta biharamunean, Pazosen izebak Euskadi Irratiari azaldu zionez, "adingabeak ez zuen borrokan parte hartu", eta bere lagun taldearekin zegoela, kargak bete-betean harrapatu zuen Beotibar kalean. "Txaranga zegoela uste zuten, eta horregatik joan ziren hara. Ertzaintzaren lehen karga entzun zuten orduan, eta korrika alde egin zuten. Bigarrenean zauritu zuten", azaldu zuen hark.
"Tiroaren ondorioz, Xuharri begian kalte atzeraezinak eragin zizkion Ertzaintzak, lente kristalinoa apurtuz, besteak beste". Azaldu dutenez, gazteak "ez du eskuineko begitik ezer argirik ikusten, ez da gai bizitza normala egiteko eta ez da gai aurrean nor duen ere antzemateko", zehaztu dute Xuhar Herri Plataformako kideek. "Errekuperazio prozesua azaroaren 15a arte luzatu da, eta alta jaso badu ere, erreabilitazioek eta ebakuntzek ez dute balio izan Xuharri otsailaren 12 eskuineko begian galduarazi zioten ikusmena berreskuratzeko", azaldu dute plataformatik, argi dutelako, "Xuharrek ez du begia galdu, begia galduarazi dio Ertzaintzak".