Tubos Reunidosek aurkeztutako enplegu-erregulazioko espedienteak 285 kaleratze aurreikusi ditu

Tubos Reunidosek astelehen gauean aurkeztu du enplegu-erregulazioko espedientea Lan eta Gizarte Segurantzako Lurralde Ordezkaritzan. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, 285 langile kaleratuko dituzte.
Dirudienez, kaleratzeen artean 80 behin-behineko kontratua dituzten beharginena izango dira: 70 Amurrion eta 10 Trapagaranen. Indarrezko irteera horiei beste 205 gehitu behar zaizkie, pizgarrien bitartez egingo direnak. Kaleratze boluntarioen artean 152 Amurriokoak dira eta 53 Trapagarangoak.
Trapagaranen enplegu-erregulazioko espedientean sartutako plazak baino langile gehiago kaleratuko dituztenez, enpresak lehentasuna emango die duela urte batzuk altzairutegi berrian lan egiteko Trapagarandik Amurriora joandakoei.
Berez, behin-behineko kontratuak dituzten langileek martxoaren 31n utziko dute enpresa eta pizgarrien bitartez lortutakoak, aldiz, 2027ko ekainera bitartean gauzatuko dituzte.
Greba mugagabea abiatu zuten martxoaren 17an Amurrioko lantegiko beharginek, eta egun hauetan erabatekoa izan da lanuztea. ESK sindikatuak jadanik oharra plazaratu du jakinarazteko greba mugagabeari eusteko borondatea duela. "Greba abiatzeko arrazoi nagusiak izan ziren altzairutegiaren itxiera, logistikaren kanporatzea eta enpresak proposatzen dituen neurriak ez dituela argudiatu, eta ez da ezer aldatu", adierazi du langile antolakundeak. Izan ere, langileen ordezkariek azpimarratu dute behin eta berriz "altzairutegirik gabe lantegiak ez duela etorkizunik".







