U14 Kolektiboko lau kide Baionako auzitegira deituak izan dira ekainaren 2an
Ezpeletan egindako mobilizazioaren ondorioz atxilotu zituzten gazteak deitu dituzte. Gainera, bostgarren militante bat komisaldegira deklaratzera deitua izan da.
U14 Kolektiboak jakinarazi duenez, lau militante Baionako auzitegira deituak izan dira ekainaren 2an. Urte hasieran atxilotu zituzten gazteak dira. Frantziako Jendarmeriak lau pertsona atxilotu zituen pasa den urtarrilean, Larresoron eta Hendaian (Lapurdi) egin zituen bi operaziotan. Atxiloketak 2025eko uztailaren 14an Ezpeletan eginiko mobilizazioarekin lotuak dira, eta "heriotza-mehatxuak edo kalte mehatxuak, deklaratu gabeko manifestazioaren antolatzea, poliziaren kontrako probokazioa, aurpegia gordetzea identifikatua izan ez zitezen eta polizia laidoztatzea" leporatu zien Baionako prokuradoreak gaztei. Gainera, bostgarren militante bat komisaldegira deklaratzera deitua izan da.
U14 kolektiboak azaldu duenez, datozen egunetan informazio gehiago emango du kasu errepresiboaren inguruan. Hala ere, ez da errepresioa jasaten duten aurreneko aldia; ez eta bere jardun politikoagatik jopuntuan jartzen dituzten lehen aldia ere. 5 urte beteko dituen kolektiboko militanteek hiru aldiz atxiloketak jasan behar izan dituzte, baita horrekin heldu diren auziak, milaka euroko isunak eta lan bortxatuak. 2023an Donibane Lohizunen egin zuten manifestazioaren ondotik, prefetak kolektiboaren aurka egitera deitu zuen Baionako prokuradorea, eta 2024ko martxoan sei kide atxilotu zituzten. Urrian epaitu zituzten, eta gibelapenezko kartzela zigorra eman.







