UPNk Athletic salatu du Espainiako Futbol Federazioaren Lehiaketa Batzordean

UPNk salaketa aurkeztu du Espainiako Futbol Federazioaren Lehiaketa Batzordean, Athleticek datorren denboraldian erabiliko duen elastikoaren aurka, bertan Euskal Herriko mapa ageri delako. Pasa den astean, futbol-kamiseta berria aurkeztu zuen Athletic Club Bilbok, eta Euskal Herriko mapa txiki bat darama atzeko aldean, ikurrina batekin beteta. Horrek haserre bizia piztu zuen UPNn eta mapa ken dezala exijitu zion klubari, argudiatuta "Nafarroa ez dela Euskal Autonomia Erkidegoko beste probintzia bat".
Ibarrolak adierazi du Lehiaketa Batzordeak hartzen duen erabakia errespetatuko dutela, baina eskura dauden bide guztiak baliatuko dituzte "legea eta indarrean dauden arauak defendatzeko". Horren harira, azaldu du Lehiaketa Batzordearen erabakia ikurra kentzearen aurkakoa bada Helegite Batzordera joko dutela. "Kirolaren Arbitraje Auzitegia eta Kirol Kontseilu Gorena ere hor ditugu". Haren esanetan, "onartezina" da elastikoan mapa hori agertzea. "Futbola ezin da erabili mezu politikoak zabaltzeko, ezta herritarren arteko bizikidetza hausten duten mezuak zabaltzeko ere".
Duela egun batzuk, Gaztela eta Leongo VOXek ere salaketa aurkeztu zuen elastiko horren aurka Espainiako Kirol Kontseilu Gorenean, Trebiñu Euskal Herriaren mapan sartzeagatik. Haien arabera, horrek "Espainiako Konstituzioa urratzen du".







