Urgulleko Guardetxea desalojo arriskuan dagoela ohartarazi dute


Maiatzaren Lehenean dozenaka lagun sartu ziren Urgulleko Guardetxera, gaztetxe bihurtzeko asmoz. Hainbat gaztek egun batzuk zeramatzaten barruan, eta, ordutik, 24 orduz ari dira espazioa babesten, Donostiako Parte Zaharrari espazio herrikoi berri bat bermatu asmoz. Udalaren jabetzakoa da eraikin hau. Hamar urtez Banda Bat elkarteak eta beste hainbat kolektibok modu autogestionatuan kudeatu zuten, eta 2019an itxi zuten hainbat konponketa egiteko aitzakiarekin. Sei urte pasatu dira, ez dute inolako konponketarik egin.
Orain, huste arriskuan dago Guardetxea Alde Zaharreko Gazte Asanbladak ohartarazi duenez. Behin espazioa birjabetuta, udalarekin elkarrizketak izaten eta negoziatzen saiatu dira, baina Udal Gobernuak auzoko eragileek egindako bilera eskaerari erantzun beharrean, Guardetxea desalojatu nahi du. Atzo jakinarazi zutenez, Donostiako Udalak Guardetxearen kontra jarritako salaketaren bitartez, desalojorako prozesu judiziala martxan dago. Udalak "desalojo kautelarra" gauzatzeko baimena eskatu du epaitegian, eta epaileak onartuz gero, epaiketarik egin gabe desalojoa burutzeko aukera izango luke. Dirudienez ostiral honetan jasoko dute notifikazioa eta, ordutik aurrera, Guardetxea edozein unetan desalojatu ahal dute. Hala ere, Gaztetxearen defentsa berretsi du AZGAk, eta espazioa defendatzera deitu du: “argi utzi nahi dugu, ez dugula inolako desalojorik onartuko eta erresistentzia antolatzen ari garela”.
Horregatik, ostegun honetan (maiatzaren 29an) burutuko den Udal Plenora bertaratzeko deia egiten dute, babesa eta elkartasuna “inoiz baino beharrezkoagoa” dela azpimarratuz.