Azpeitiko gertakariei lotuta, dagoeneko 22 gazte ikertu ditu Ertzaintzak


Uztailaren 20ko goizaldean izan ziren gertakariak, Azpeitian. Ertzaintzak Urola kaleko pilentzako edukiontzi batean ACAB [All Cops Are Bastards ingelesez, "polizia guztiak sasikumeak dira" euskaraz] idatzi zuen gazte bat identifikatu zuen, eta segidan hasi zen dena. Udaltzaingoaren Plaza Txikiko egoitzara joan ziren hainbat lagun gertatutakoagatik protesta egitera, eta udaltzainek Ertzaintzari eskatu zion laguntza. Orduan hasi ziren istiluak, ertzaintzaren agenteak agertu zirenean, eta pertsona bat atxiki zuen Ertzaintzak; aske utzi zuten gero.
Ertzaintzak ikerketa zabaldu zuen eta hiru astera, abuztuaren 7an, 16 urteko gazte bat atxilotu zuen Azpeitian. Zarauzko ertzain etxera deitu zuten atxilotutako herritarra, eta eginbideak gauzatu ondoren, aske utzi zuten. Hala ere, azken asteetan 18 urtetik 38 urtera arteko beste 11 pertsona ikertu ditu Ertzaintzak. Osotara, beraz, 22 gazte daude ikerketapean, eta Azpeitiko Gaztetxeak jakinarazi duenez, bihar deklaratzera deitu dute horietako bat, Donostiako epaitegian. Orain arte ikertutako pertsonei "desordena publikoen delitua eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatua" leporatu dizkiete. Halaber, Ertzaintzak azaldu du oraindik irekita duela ikerketa, eta ez duela baztertzen pertsona gehiago atxilotzea edota ikertzea.
Ertzaintzaren oharrari erantzun zion Azpeitiko Gaztetxeak duela gutxi. Ertzaintzak adierazi du aipatu 11 pertsonak gizonezkoak direla, baina gaztetxekoek argitu dute emakumeak ere badaudela tartean. Bestalde, salatu dute Ertzaintzak abiatutako prozesu judizialak herriko gazteen artean beldurra zabaltzea duela xede. Hori dela eta, ikerketa bertan behera uztea galdegin dute, eta babesa adierazi diete ikerketapean dauden gazteei nahiz asteartean deklaratzera deitu dutenari. "Gogor salatu nahi dugu Ertzaintzak sortutako muntaia poliziala justifikatu nahian gauzatzen ari diren prozesu judiziala", adierazi dute.