lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 21/06/2026

Yadan Legearen aurka mobilizatu dira ehunka herritar Baionan

La Haine - Euskal Herria
Elkartasuna internazionalista jomugan jartzen duen legea dela salatu dute, eta ohartarazi “askatasunen suntsipena” ekar dezakeela.

Baiona Palestinarekin taldeak eta Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta, ehunka herritar batu ziren Baionan larunbat arratsaldean Yadan Legearen aurka egiteko. Lege hau Caroline Yadan diputatuak (Ensemble) Frantzian aurkeztutako lege-proposamen bat da, antisemitismoaren forma berriei aurre egiteko helburua zuena. Testua oso polemikoa izan da; Israelen aurkako kritika batzuk eta antisionismoa antisemitismoarekin parekatzea bilatzen duelako, eta horrek adierazpen askatasuna mugatuko ote duen kezka zabaldu du.

Antolatzaileek agiri baten bidez adierazi zutenez, antisemitismoaren aurkako borroka indartzea aitzakia hartuta, Frantziako Gobernuak askatasunak murriztea ekar dezakeen lege bat ezarri nahi du. Halaber, zehaztu zuten lege proiektuak, apirilean aurkeztu zen bezala, sionismoari eta Israelgo Estatuari egindako edozein kritika juduen aurkako gorrotoarekin parekatzen duela, eta hori nahasketa “biziki larria” dela deritzote. Legeak “herri palestinarrarekiko sustengua oraindik gehiago kriminalizatzeko eta adierazpen zein protesta eskubidea oraindik gehiago murrizteko xedea duela” ohartarazi ondoren, salatu zuten aipaturiko egitasmoak “Estatuaren autoritarismoa indartzeko dinamikan sakontzeko” baizik ez duela balioko.

Geroago azaldu zuten Frantziako Estatuak terrorismoari gorazarre egitearen akusazioa baliatzen duela nagusiki, “erresistentziarekiko sustengua erreprimitzeko”. Azken asteetan izan diren eraso errepresiboak salatu zituzten beraz, hala nola Supernova aldizkari marxista-leninistako editoreen atxiloketa, Samidoun eta Iranekin Bat taldeetako kideen atxiloketak eta Gabriel Cardoen militante komunista iraultzailearen atxiloketa. Aipamena egin zioten, halaber, elkartasun flotillakoei Loiun (Bizkaia) egindako harreran Ertzaintzak izandako jokabidea ere.

“Ez ditugu onartzen palestinar herriarekiko elkartasuna mehatxuen, zentsuraren edo intimidazioaren bidez isilarazteko ahaleginak. Palestinar herriak bere askatasunaren alde daraman borroka erabat babesten jarraituko dugu", gaineratu zuten antolatzaileek, herri kolonizatuek "zapalkuntzaren eta okupazioaren aurka erresistitzeko duten eskubidea" gogoraraziz. Horrez gain, oroitarazi zuten "palestinar herriaren kanporatzea, desjabetzea eta haren eskubideen ukapena oinarri dituen estatu genozida, kolonialista eta supremazista horren existentzia dela herri palestinarraren zapalkuntzaren sorburua". Hala, "Israelgo Estatuak existitzen jarraitzen duen bitartean, ez dela bidezko eta iraunkorra izango den aterabiderik posible" defendatu zuten Palestinaren aldeko taldeek. Testuinguru horretan, "erresistentzia antisionistaren alde eta eskubide politikoen murrizketaren aurka antolatzera, borrokatzera eta mobilizatzera" deitu zuten.

 

Contactar con La Haine

 

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal