lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 19/02/2026

Zenbait irakaspostutan euskara gutxiago dakiten irakasleak lehenestea egotzi diote Jaurlaritzari

Mikel Garcia Idiakez
C1 euskara maila duten irakasleek ezingo dute hizkuntza eskakizun txikiagoa duen irakasposturik eskuratu, lanpostu horretarako B2 maila edo zuzenean euskara profilik ez duen irakasleren bat baldin badago.

Destinorik ez daukaten DBH, Batxiler eta Lanbide Heziketako irakasleen ikasturte hasierako esleipenei eragiten die Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian urtarrilaren 28an argitaratutako aginduak. DBH eta Batxilerren, C1 maila edo bigarren hizkuntza-eskakizuna da nagusi irakasleentzat, baina Lanbide Heziketan oraindik handia da B ereduan eta are A ereduan erdaraz eskaintzen diren zikloak, eta horietan du eragin handiena arauak.

Zehazki, 6. artikulua kritikatu du Lanbide Heziketa Defendatzen elkarteak. Honela dio artikuluak: “2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta duten pertsonek 2. hizkuntza-eskakizuna (C1 maila) eta derrigortasun-data igarota duten lanpostuak baino ez dituzte eskuratuko. Hala ere, 1. hizkuntza-eskakizuneko lanpostuak (B2 maila) eskuratu ahal izango dituzte, baldin eta aukera hori baliatzeak ez badu eragozten eskatutako hizkuntza-eskakizuna ez duten pertsonek lanpostua eskuratzea”. Alegia, C1 maila duen irakasleak puntu gehiago izan arren eta zerrendan aurrerago egonda ere, B2 maila eskatzen den irakaspostua hizkuntza profil baxuagoa duenarentzat izango da, C1 ez dutenen aukerak ez kaltetzearen premisa erabilita.

Are, 6. artikuluak zehazten duenez, “eskatutako hizkuntza-eskakizuna ez duten pertsonek” eskuratu dezakete lanpostu hori. Nola den posible galdetu diogu elkarteko kideetako bati. Azaldu digunez, “derrigortasun-data” delakoa da gakoa. Lanpostu batzuek ez dute derrigortasun datarik, hau da, ez da zehazten noiz frogatu behar duen irakasleak eskatzen zaion euskara maila hori, eta beraz, nahi adina denbora du euskara ikasteko; “praktikan, askok zuzenean ez du inoiz euskaraz ikasiko”, gehitu du.

Elkarteko kidearen hitzetan, Jaurlaritzak lanpostuak bermatu nahi dizkie lehenengo profil linguistikoa duten irakasleei, baina horretarako beste bide batzuk daudela dio, modu honetara “gaitasun linguistiko handiagoa egiaztatu dutenak kaltetu” eta “orain arteko joko-arauak apurtzen” dituelako. Azken finean, C1 duen irakaslea gai da bai euskaraz bai gaztelaniaz irakasteko: “Baina adibidez, euskaraz irakasten ari naizen zikloa hurrengo ikasturtean gaztelaniara aldatzen bada, nire lanpostua galtzen dut”, kontatu du. Izan ere, aldaketa horiek ohikoak dira Lanbide Heziketan: batetik dago eskaintza, Eusko Jaurlaritzak erabakitzen du zentro bakoitzean zein hizkuntzatan eskaini daitekeen zikloa, esaterako, A ereduan soilik; eta bestetik dago matrikulazioa, zeren Jaurlaritzak agindu badu zentro jakin batean A eta D ereduan egin behar dela eskaintza, ikasturte horretan matrikulatu diren ikasle kopuruaren arabera gailenduko da eredu bat edo bestea (segun eta ikasleek A ala D eredua hautatu duten).

"Hizkuntza-prestakuntza sustatu beharrean, arauak objektiboki euskara gaitasun handiagoa frogatuta dutenak zigortzen ditu"

Horren guztiaren albo-ondorioetako bat da euskaraz irakasteko gai izan arren irakasle batzuk lehenengo hizkuntza profilean ematen dutela izena, lanpostua galtzeko beldurrez.

Lanbide Heziketa euskalduntzeko erronka aspaldiko aldarrikapena da, bide batez.

Alegazioak aurkezteko deia

6. artikulua “berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioen aurkakoa” eta “diskriminatzailea” dela argi du Lanbide Heziketa Defendatzen taldeak, esleipen aukerak murrizten dizkielako gaitasun linguistiko handiagoa frogatuta dutenei. “Hizkuntza-prestakuntza sustatu beharrean, arauak objektiboki bigarren hizkuntza-eskakizuna dutenak zigortzen ditu” eta “euskararen normalizazio helburuekin eta hizkuntza politikarekin kontraesanean dago”, euskara maila hobea izatea “oztopo profesional bihur daitekeela adierazten baitu 6. artikuluak, eta horrek administrazio publikoan euskara sustatzeko mandatuarekiko kontraesan zuzena adierazten du”.

Elkarteko kidea harrituta dago: "Araudiak txosten juridikoa du egina; nola justifikatu da hori juridikoki? Jakin nahiko nuke".

Oraingoz agindu-proiektua denez eta otsailaren 25 arte alegazioak aurkezteko epea zabalik dagoenez, ahalik eta alegazio gehien jartzera deitu du Lanbide Heziketa Defendatzen taldeak, horretarako prestatu duen orria aurkeztuta.

Zenbait irakaspostutan euskara gutxiago dakiten irakasleak lehenestea egotzi diote Jaurlaritzari

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal