Zisjordaniaren anexioa abiatu du Israelek
Netanyahuren gobernuak dekretu berri bat onartu du, okupazioan sakontzeko bidea dena. Israelengandik gertuen dauden Zisjordaniako hainbat eskualde “Israelen jabetzako lurralde” izendatzeko asmoa agertu du.
Israelgo Gobernuko hiru ministrok aurkeztu dute dekretua: Bezalel Smotrich Finantza ministroak, Yariv Levin Justizia ministroak eta Israel Katz Defentsa arlokoak. Azaldu dutenez, nekazaritza ustiategiak arautzeko eta Zisjordaniako eremu okupatuen estatusa argitzeko hartu dute erabakia. "Israelgo Estatuak Zisjordanian askatasunez, legearen arabera eta erabateko kontrolez jarduteko neurria da", esan du Katzek. "Onartutako proposamenak iraultza ekarriko du Judea eta Samariara [sionista israeldarrek izen bibliko horrekin izendatzen dute Zisjordania], Israelgo Lurra Israelgo herriarena da", gaineratu du Levinek.
Neurriak Zisjordaniako C eremuari eragingo dio. Administratiboki eta militarki Israelen agindupean dagoen eremua da C deitua –Osloko Akordioetan hala zehaztuta–, eta Zisjordaniaren %60 hartzen du. A eremua (lurraldearen %18) da administratiboki eta militarki Palestinak kontrolpean duena, eta B eremua (%22) administratiboki Palestinak kontrolatzen du, baina segurtasun aferak Israelek.
"Egonkortasunaren aurkako mehatxua"
Hamas erakundeak gogor salatu du Israelek iragarritako neurria, eta NBEri dei egin dio afera honetan esku hartzeko: "Zisjordania okupatuko lurrak bereganatzea eta judutartzea ahalbidetzen dion ebazpena onartzeko okupazio-gobernu sionistaren erabakia, 'estatu-lur' gisa erregistratuz, legez kanpoko okupazio-agintari batek emandako erabaki baliogabea da, eta praktika kolonialistak indarrez inposatzeko saiakera", adierazi du Hamasek komunikatu batean.
Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidentea ere Israelen planaren aurka agertu da, eta "okupatutako lurralde palestinarraren anexioa" salatu du: "Segurtasunaren eta egonkortasunaren aurkako mehatxua da, eta nazioarteko zuzenbidearen eta nazioarteko zilegitasunaren ebazpenen urraketa nabarmena". Bere hitzetan, "alde bakarreko neurri horiek ez diote inolako zilegitasunik emango Palestinako Estatuko lurren okupazioari".
Jordaniako Gobernuak, bestalde, "erabateko gaitzespena" agertu du, eta palestinar herriaren autodeterminazio eskubidearen aurka egiten duela gaineratu. "Israelek ez du Zisjordania okupatuaren gainean inolako subiranotasunik", adierazi du Kanpo Harremanetarako ministerioak ohar bidez. Saudi Arabiaren hitzetan, nazioarteko zuzenbidea ari da urratzen Israel. Egipto eta Qatarren ustez neurri honek palestinarren "eskubide legitimoak" zanpatzen ditu; diotenez, haren helburua da Zisjordaniaren gaineko kontrola sendotzea.







