lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 09/03/2024

ZIUtik atera da Ertzaintzak Donostian zauritu zuen emakumea

Berria/La Haine
Beste bi emakume salatu dute foam balekin zaurituak izan direla egun horretako kargetan, horietako batek begiak jaso zuen kolpea.

Asteartean Realaren eta Paris Saint-Germain futbol taldeen arteako partidaren atarian, Ertzaintzak Donostian foam bala batekin zauritu zuen reazalea atera da zaintza intentsiboetako unitatetik (ZIU). Noticias de Gipuzkoa egunkariak jakinarazi duenez, elektroenzefalograma bat egin zioten atzo eta neurologiako solairura eraman dute. Gaineratu du, hala ere, osatzeko «prozesu luze bat» iragarri diotela medikuek. 44 urte ditu emakumeak.

Txapeldunen Ligako partidaren atarian zauritu zuen Ertzaintzak emakumea, Realeko zaleek talde txuri-urdinari egin zioten harreran. «Basakeria bat izan zen. Gertutik egin zuten tiro, onartu ezin den altuera batera», esan du haren senarrak. Buruan jo zuen Ertzaintzak bota zuen foam jaurtigailuak, eta egoera larrian eraman zuten ospitalera. Senarrak biharamunean nabarmendu zuenez, ezinezkoa da tiroa «errebotez» jasotzea, Tolosako inauterietan zauritu zuten gaztearen kasuan Ertzaintzaren barne ikerketak ondorioztatu zuen moduan, emakumea Errondo pasealekuaren erdian zegoelako tiroa jaso zuenean.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak aitortu du emakumeak ez duela zerikusirik partidaren aurreko istiluekin. Ez zen hori izan, gainera, Realaren partidaren atarian izan zen zauritu bakarra. Bi egun geroago jakin zen beste emakume batek ere salaketa bat aurkeztu duela, eta atzo beste batek egin zuen. Horietako batek begiak jaso zuen kolpea, eta besteak, bizkarrean.

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal