lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 13/01/2026

Zortzi familia etxegabetze arriskuan daude Gasteizko Alde Zaharrean, Elizak kontratua eten eta gero

Ekain Carrasco Tellaetxe
Auzoan Bizi sindikatuak salatu du Santa Maria eta San Bizente Martir parrokietako Berakah programak kontratua etetea erabaki duela, “familiek ezagutzen ez dituzten arrazoiak” tarteko.

Auzoan Bizi Gasteizko Alde Zaharreko Etxebizitza Sindikatuko kideak astelehenean mobilizatu ziren Bayt Lahm blokearen aurrean; lehen Hogar Belen izena jarri zion Elizak, orain Zisjordaniako hiriaren arabierazko adierarekin berrizendatu dute. Bertan, zortzi familia etxegabetze arriskuan daude; tartean adin txikiko ugari daude. Elizari lotutako Berakah programak zenbait gutunen bitartez astelehenerako ezarri zien familiei etxebizitzak uzteko azken eguna. Horietako askok, baina, ez dute etxebizitza alternatibarik, salatu dutenez. Batzuek hilabete gutxi batzuk daramatzate bertan bizitzen, beste batzuek, aldiz, bi urtetik gora, Berakah fundazioaren laguntza programa baten bidez. Auzoan Bizi sindikatuak salatu duenez, orain, bat-batean, kontratua etetea erabaki du Berakah-k, “aldebakartasunez eta familiek ezagutzen ez dituzten arrazoiak tarteko”. Hala ere, jakinarazi dute familiak bertan geratuko direla, badakitelako ez dela “prozesu judizialik hasi” eta, beraz, oraingoz ezin dituztela legalki etxegabetu.

Berakah Santa Maria eta San Bizente Martir parrokietako programa da, Gasteizko elizbarrutiaren laguntza, Vital fundazioaren finantziazioa eta dohaintza anonimoak dituena, Auzoan Bizi-k azaldu duenez. Halaber, deitoratu dute baliabide eta programen kudeaketa “erabat pribatua eta asistentzialista” dutenez, irizpideak eta praktikak “erabat opakuak” direla, eta etxebizitza eskubidearekin talkan agertzen direla.

Azken hau ez da sindikatuak Berakah-ren jarduna salatzen duen lehen aldia. Adierazi dute fundazioak mekanismoak martxan jartzen dituela programan parte hartzen duten familiak etxegabetzeko. Are, salatu dute Berakah-k , besteak beste, “argi-mozketak” egiten dituela, familiak “modu iraingarri eta arrazistan” tratatzen dituela, eta “xantaia eta mehatxua” egiten dutela. Sindikatuak gogorarazi du elizaren fundazio horrek 2023-2024an hiru familia etxegabetu zituela.

Amaitzeko, Auzoan Bizik exijitu du abian dauden etxegabetze saiakera guztiak “berehala gelditzea” eta “etxebizitza alternatiba duin eta iraunkorra eskaintzea”. Horretarako, antolakuntzara deitu du.

https://www.argia.eus/albistea/zortzi-familia-etxegabetzea-arriskuan-gasteizko-alde-zaharrean-berakah-k-kontratua-eten-eta-gero

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal