lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 01/02/2014

Zuen denbora agortzen doa! Geroa ikasleona!

Ikasle Abertzaleak
Ikasle Abertzaleok ultimatuma eman diegu Wert, Iribas eta Uriarteri. Otsailaren 25a arte daukate gure eskaerei bidea egiteko.

Ikasle Abertzaleok ultimatuma eman diegu Wert, Iribas eta Uriarteri. Otsailaren 25a arte daukate gure eskaerei bidea egiteko. Hala gertatu ezean, martxoan mobilizazio egoera iraunkorrean egongo da Euskal Herriko ikasleria hainbat inflexio puntuekin. Horietako bat, martxoaren 27ko ikasle greba orokorra.

Azken asteotan nafar eskuinak ofentsiba gogorra hasi du euskarazko hezkuntzaren aurka. Horrela, Guardia Zibilaren txosten baten laguntzaz, D ereduko irakasleen kontra jo du, esanez ezker abertzaleak estrategia doktrinatzaile bat aurrera daramala. Gainera, eskuineko komunikabideek sortutako zalaparta probestu dute Iturrama institutua berriz ere kriminalizatzeko.

Denbora guzti honetan ikasleria subjektu pasibo eta manipulagarri gisa tratatu dute UPN zein PPko gobernuek, interesatzen zaiena delako ikasleria akritiko eta menderagarria izatea. Egoera guzti honen aurrean, D ereduko ikasleok argi esan behar dugu ez garela inoren ez ezeren tresnak, eta ez dugula inoren manipulazio estrategiarik babestuko.

Are gehiago, tinko borrokatuko dugu hezkuntza eredu honen kontra; Euskal Herriaren ukazio egoera, patriarkatua eta herritarron esplotazioa erreproduzitzea helburu duena, eta bestelako eredu bat eraikitzearen alde egingo dugu. Botere ekonomikoen interesen gainetik, ikasleok subjektu aktibo eta kritiko bilakatu behar gara, gure etorkizunaren gainean erabakitzeko eta manipulatuak ez izateko.

Honek guztiak ekarri du Ikasle Abertzaleak antolakundearen kontrako kriminalizazioa egitea Fernandez Diaz barne ministroak eta Perez Lapazaran Nafarroako PPko diputatuak, D ereduko gaiaren inguruan galdetuta. Ikasleok daukagun indarra, grina eta sormenaren beldur direlako, horregatik jo dute gure kontra, ibilbide onetik goazelako.

Horregatik Ikasle Abertzaleak antolakundeko militanteok mezu argi bat bidali nahi diegu barne ministroari, Lapazarani, zein UPN eta PP alderdiei: jarraitzen dugun estrategia bakarra da eskola euskaldun, feminista eta ezkertiar iraultzailea izango den Euskal Eskola Nazionala lortzeko ibilbidea. Orain inoiz baino gehiago berresten gara gure proiektu politikoan eta hau lortzeko Ikasle Estrategian.

Horrelako akusazioek eta kriminalizazioak erakusten dute PPk eta UPNk gabezia politikoa daukatela, justifikatu ahal izateko Euskal Herriaren ukazio egoera eta ikasleriaren asimilaziorako estrategia.

Esateko dago, Euskal Herriko ikasleok pairatzen dugun manipulazio estrategia direla Madriletik eta Parisetik inposatzen dizkiguten hezkuntza sistemak. Hauek modu bortitzean oldartzen dira Euskal Herriaren nazio identitatearen zein beste nazio zapalduen kontra; alor linguistiko, kultural, historiko zein nazionalean.

Gainera, krisiaren aitzakipean ofentsiba kapitalista berri baten aurrean topatzen gara alor sozio-ekonomikoan. Horrela, interes pribatu gutxi batzuen mesedetan gehiengoaren txirotzea eta prekarizatzea sustatzen ari dira. Argi dago zein den estrategia honen aplikazioa hezkuntzan; Bologna prozesutik hasita, LOMCE, Lanbide Heziketen “duintzea edo berritzea” edota datorren hilabeteetan helduko den unibertsitateko erreformara arte.

Perspektiba guzti honen aurrean, hego Euskal Herriko agintari politiko ezberdinek hartutako posizionamendua argia da. PNVk eta UPNk dauzkaten klase interesak defendatuko dituzte buru belarri, herri langilea esplotatuz eta behar izatekotan Espainiako eskuinarekin lerrokatuz, daukaten hegemonia politikoa arriskuan ikustekotan.

Datozen hezkuntza erreformen aurrean, euskal ikasleriak azken urteetan mobilizazioen bitartez esandakoa entzuteko eskatzen diegu. Ez gaituztelako engainatuko LOMCE legearen ordezkoekin: ez “Heziberri 2020”, ezta LOMCE “a la navarra”-rekin ere.

Hau dela eta, Cristina Uriarte EAEko eta José Iribas Nafarroako hezkuntza sailburuak apelatzen ditugu datozen hezkuntza erreforma zapaltzaile eta merkantilizatzaileen aurrean ezetz esateko, eta benetan euskal ikasleon zein herritarron mesedeen alde joka dezaten; hezkuntza sistema propio baten eraikuntzari ekinez, eta hezkuntza komunitate zein herritarron parte hartzearekin batera.

Aski delako, denbora agortzen ari zaie. Otsailaren 25erako neurririk edota posizionamendurik hartu ezean, hurrengo mobilizazioak iragartzen ditugu, eta ikasleria zein jendarte guztia gonbidatzen dugu eginen diren mobilizazioetan parte hartzera; hego Euskal Herri osoko hezigune maila guztietan (DBH, batxilergo, LH eta unibertsitateetan), nahi eta behar dugun hezkuntza ereduaren alde:

Otsailaren 25etik aurrera: Mobilizazio Egoera Iraunkorra hezigune guztietan.
Otsailaren 28an: Ipar Euskal Herriko Bernat Etxepare lizeoko ikasleekin batera, Parisen eginen den Baxoa euskaraz ekimenean herri gisa erantzutera.
Martxoak 3-4: Bilbon eginen den gailur ekonomikoaren kontra mobilizatzera.
Martxoak 8: Emakume langilearen eguna.
Martxoaren 27an: Hego Euskal Herriko ikasle greba orokorrean parte hartzera.

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal