1500 euroko isunak ezarri dizkiete EHEko bi ekintzaileei


Euskal Herrian Euskarazko bi militante epaitu zituzten atzo, Euskararen Nazioarteko Egunean egin zuten ekintza baten harira. Ekintza pasaden urteko abenduaren 3an burutu zen, egun horretan, EHE mugimenduko bi kide Baionako epaitegiko teilatu gainera igo ziren eta euskararentzat justizia eskatu zuten. Hain zuzen, Justizia euskararentzat leloa margotu zuten epaitegiko horman. Frantziako poliziak atxilotu eta komisarian sartu zituen.
Osotara 1500 euroko isunak ordaintzera kondenatu dituzte bi militanteak, gibelapenarekin. Biek uko egin zioten erdaraz deklaratzeari. Horren ordez, behin eta berriz aldarrikatu zuten euskaraz egiteko duten eskubidea. Hala ere, epaileak konstituzioaren bigarren artikuluak hala agintzen duela erantzun zien, eta “frantsesa erakundeen hizkuntza” dela adierazi zuen. Azkenean, Poliziak deitu zituen epaileak, eta bi ekintzaileak auzi aretotik kanporatu zituzten, elkartasuna adieraztera joan ziren herritarren oihuen artean. Hauek epaitegiaren kanpoaldean zeuden bilduta, “Justizia euskararentzat, justizia euskaldunontzat” zioen pankarta batekin.
Epaitutako militante bat, Gorka Torrek, hainbat kolpe errepresibo pairatu ditu iraganean, lehenago ere egin dituelako euskararen aldeko ekintzak, Herribiltza taldearekin eta EHErekin. Iazko martxoan izan zuen lehen epaiketa Gorka Torrek, euskararen alde egindako pintaketa batzuengatik. Hilabeteko presondegi zigorra eman zioten, gibelapenarekin, eta bostehun euroko isuna ordaintzera zigortu. Dei egin zion auziari. Irailean berriz epaitu zuten, Baionako suprefeturan pintaketa egin eta frantses hutsean idatzitako hainbat bide seinale kentzea leporatuta. 3.268 euroko isuna ezarri zioten denera.