32.000 euroko isunak ezarri dizkiete Donostiako Guardetxearen alde protesta egin zuten gazteei
Udal batzar aretora bertaratu zen gazte bakoitzari 800 euroko isuna ezarri diote.
Alde Zaharreko Gazte Asanbladak (AZGA) salatu duenez, 2025eko maiatzeko udal plenoan izandako gertakarien harira, udal aretora bertaratu ziren kide guztiek 800 euroko isunak jaso dituzte. Beraz, 32.000 euroko zigor ekonomikoa ezarri diete osotara.
2025eko Maiatzaren Lehenean Parte Zaharreko gazteek Urgulleko Guardetxea okupatu zuten, eta auzolanean gaztetxea ireki ostean, Donostiako Udalak eraikina husteko salaketa aurkeztu zuen. Horren aurrean, AZGAko hainbat kide udaletxeko maiatzeko udalbatzarrera joan ziren, "udal gobernuari bilera eskaera formala luzatzeko" asmoz.
Asanbladaren arabera, haien asmo bakarra "oinarrizkoa behar lukeen adierazpen askatasunerako eskubidea gauzatzea eta alkateari bilera eskaera egitea zen, plenoa oztopatzeko inolako asmorik gabe". Hala ere, salatu dutenez, "udal plenoen protokoloa bete gabe, alkatearen abisurik eta aretoa husteko agindurik gabe, Udaltzaingoa bertan geunden kideen aurka oldartu zen". Ondorioz, "bilera eskaera luzatzeko aukerarik gabe", eta "indarkeriaren bitartez" udal plenotik kanporatu zituzten.
Gertakari horien ondorioz, gazte bat atxilotu zuten eta beste bost lagunen aurkako prozedura judiziala abiatu zen; desordena publikoak, autoritateari atentatua eta lesioak eragitea egotzi dizkiete. Iazko abenduan sei gazte deitu zituzten deklaratzera, baina epailearen aurrean ez deklaratzeko eskubideari eutsi zioten. Gaur egun, fiskalak egingo dituen zigor eskaeren zain daude eta, "espetxe zigor eskaerak" espero dituztela adierazi dute.
Isunen inguruan, AZGAk uste du neurri horien bidez Guardetxea eta bestelako gaztetxe zein "gune autogestionatuen aldeko babesa kriminalizatu" nahi dutela, "poliziaren azpijoko berri baten bitartez, gezurretan eta akusazio faltsuetan oinarrituta". Are gehiago, "okupazioa ez ezik, elkartasuna ere zigortu nahi dute, AZGAren jardun politikoa oztopatu eta geldiarazteko".
Bestalde, Guardetxearen okupazioagatik egindako beste epaiketa bati dagokionez, urtarrilean bi kide epaitu zituzten, baina absoluzioa jaso zuten auzipetuek; horrenbestez, Guardetxeko jardunarekin jarraitu ahal izan dute. Azkenik, asanbladak berretsi du "errepresioaren aurrean elkartasuna antolatzen" jarraituko duela, eta mobilizazio gehiago iragarri ditu.







