lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 01/02/2025

Aroztegiko zazpien absoluzioa eta proiektuaren geldiaraztea eskatu dute milaka herritarrek Iruñean

La Haine - Euskal Herria
Antolatzaileen arabera, 18.000 pertsona mobilizatu dira , “lurraren defentsaren kriminalizazioa” salatzeko.

Milaka pertsonek bat egin dute gaur Iruñeko kaleetan, Aroztegiko Elkartasun Komiteak antolatutako manifestazioan. Lekarozen(Nafarroa) eraiki nahi duten hirigintza proiektuaren aurka egin dute protesta, eta Aroztegiko auzian epaituko dituzten zazpi herritarren absoluzioa ere eskatu dute, “Lurraren defentsan, kriminalizaziorik ez” lelopean.

16:00ak aldera abiatu da manifestazioa Elio epailearen plazatik eta Larraina kalea atzean utzita, Armadaren etorbidera joan dira manifestariak. Han, Armadaren etorbidea jendez beteta ikusi da, Antoniutti parketik Bakearen plazaraino. “Absoluzioa”, “Aroztegia geldituko dugu”, “lurraren defentsa ez da delitua”, “lurra behin saldua, betiko galdua” eta “ez dira zazpi, herri bat gara” izan dira gehien ohikatu dituzten leloak. Geroago, Nafarroa Behereko etorbidetik Merindadeen plazaraino iritsi da protesta, eta handik, Alde Zaharrerako bidea hartu dute Aroztegiaren aurkakoek, Karlos III.aren etorbidean behera. Manifestazioaren zehar han-hemenka ikus zitezkeen beste azpiegitura eta hirigintza proiektu handien aurkako mezuak ere; AHTaren nafar korridorea edo Miritxako zentral eolikoa (Araba) salatzeko pankartak, besteak beste. Era berean, gogora ekarri dituzte Itoizko urtegiaren aurkako solidarioak: “Itoitzetik Aroztegirat, desobedientzia zibila” irakur zitekeen zabaldu duten pankartan. Sarasate pasealekuan amaitu da protesta eta antolatzaileek manifestazio bukaeran esan dutenez, 18.000 pertsona bildu dira gaur Iruñeko kaleetan, Aroztegiaren eta haren gisako beste edozein proiekturen aurka.

Manifestazioaren bukaeran hitza hartu dute auzipetuek, eta absoluzioa eskatzeaz gain, Aroztegiko proiektua oraindik martxan dela salatu dute eta Nafarroako Gobernuak babesten duela adierazi dute. Horren ostean, gogoratu dute Aroztegia proiektuaren aurkako borrokak beste borroka asko hartzen dituela bere baitan: “Gure lurrak desjabetu, gure hizkuntza eta kultura desagerrarazi eta gure bizitzak kapitalaren menpe jarri nahi dituzten proiektuen aitzinean, guk, gure kultura, hizkuntza, herri lurrak eta mundu guztiak bizitza bizigarriak edukitzea aldarrikatzen dugu. Hortaz, bizitza eta kapitalaren artean bizitza erdigunean jartzen dugunez, gure borroka bada feminista, antikapitalista eta antikolonialista ere”.

(Argazkia:Aitor Karasatorre)

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal