lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 07/01/2026

Aske geratu dira Lapurdin atxilotutako militanteak

La Haine - Euskal Herria
"Heriotza-mehatxuak edo kalte mehatxuak, deklaratu gabeko manifestazioaren antolatzea, poliziaren kontrako probokazioa eta polizia laidoztatzea" leporatzen die Baionako prokuradoreak gazteei.

Frantziako Jendarmeriak lau pertsona atxilotu zituen atzo goizean Larresoron eta Hendaian (Lapurdi) egin zituen bi operaziotan, eta arratsaldeko 19:00ak aldera utzi zituzten aske. Atxiloketak 2025eko uztailaren 14an Ezpeletan eginiko mobilizazioarekin lotuak dira, eta "heriotza-mehatxuak edo kalte mehatxuak, deklaratu gabeko manifestazioaren antolatzea, poliziaren kontrako probokazioa, aurpegia gordetzea identifikatua izan ez zitezen eta polizia laidoztatzea" leporatzen die Baionako prokuradoreak gaztei. Hala ere, kargurik gabe atera dira, baina ikerketak indarrean jarraitzen duela jakinarazi diete.

U14 Kolektiboak deituta, 13:00etan berrehun bat pertsona egin zuten protesta Kanboko Komisaldegiaren parean. Kolektiboko kideek atxiloketek helburu argia dutela erran zuten: "Militantzia beldurtzea, zigortzea eta kriminalizatzea; fiteago erranik, U14 kolektiboa suntsitzea. Hau da Frantziako estatu zapaltzailearen estrategia: herri mugimenduei zein mugimendu iraultzaileei jazartzea". ASKE Antolakundeak ere deitoratu ditu atxiloketak eta atxilotuak elkarrengandik aldentzeko borondatea salatu du haienganako sostengua zailtzeko asmoz. Azkenik, arratsaldeko 19:00etan bigarren elkarretaratze bat egin zuen U14 Kolektiboak, Senpereko jendarmeriaren aitzinean.

U14 Kolektiboaren aurkako errepresioa

Ez da U14 Kolektiboak atxiloketak jasaten dituen aurreneko aldia; ez eta bere jardun politikoagatik jopuntuan jartzen duten lehen aldia ere. 2023an Donibane Lohizunen egin zuten manifestazioaren ondotik, prefetak kolektiboaren aurka egitera deitu zuen Baionako prokuradorea, eta 2024ko martxoan sei kide atxilotu zituzten. Urrian epaitu zituzten, eta gibelapenezko kartzela zigorra eman.

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal