Baionan epaitu zituzten bost militanteen aurkako sententzia astearte honetan aterako da
Martxoaren 6an indar errepresiboek sei militante atxilotu zituzten Lapurdin, hainbat manifestaziotan parte hartzeagatik. Lehena, 2022ko uztailaren 14an Donibane Lohizunen (Lapurdi) U14 kolektiboak deitutako manifestazioa, bertan burua estalia zuten zenbait pertsonak hainbat higiezin agentziaren kontra pintura bota zuten. Bigarrena, 2023ko martxoaren 23an erretreten erreformaren kontra Baionan egin zen manifestazioari dagokio, gertatu ziren istiluetan parte hartu eta segurtasun agente bat baino gehiago zauritzea leporatu zieten. Era berean, 2023ko uztailaren 12an Hendaiako tren turistikoaren kontra margoketa bat egin, eta gidaria lurrera erorarazi eta zauritu izana leportu zieten baita ere. Margoketa hori U14 kolektiboak antolatutako manifestazioan parte hartzera deitzen zuen.
Ekintza hauengatik pasaden urteko urrian bost militante epaitu zituzten Baionan. Hamabost hilabetetako espetxe zigorra eskatu zuen prokuradoreak hiru auziperatuentzat, horietarik bederatzi gibelapenarekin. Besteentzako hamabi hilabetetako espetxe zigorra, zortzi gibelapenarekin, eta hamar hilabeteko gibelapenezko zigorra eskatu zuen. Horretaz gain, 1000 euroko isuna batentzat eta 500 eurokoa gainontzekoentzat eskatu zuen. Seigarren pertsona bat ere bazegoen auziperatuta baina azkenean ez zuten epaitu, ekintzak gauzatu ziren garaian adin txikikoa zelako. Egun hartan hamarnaka pertsonek elkarretaratzea egin zuten Baionako epaitegiaren aurrean, auziperatuei elkartasuna erakusteko eta kasu errepresibo hau salatzeko.
Epaiketan ikusi zenez, prozeduran agertzen diren elementu gehienak Frantziako Krimen Antolatuaren Gaineko Informazio, Inteligentzia eta Analisi Estrategikoko Zerbitzuaren (Sirasco) oharretan oinarritu ziren: Hendaiako gaztetxearen inguruan Sirascok egindako zainketak nagusiki. Bestalde, prokuradoreak ausardi falta leporatu zien auziperatuei ez zutelako galderei erantzun nahi eta deklaratzera ukatu egin zirelako. Zehazki, "aurpegiak estalita poliziaren kontra egitean ausartak direla, baina gero epaitegian isilik daudela" esan zuen. Epailearen erabakia astearte honetan, urtarrilaren 14an, eguerdian, emango dute.