CAFeko langileek ordubeteko lanuztea egin dute Palestinaren alde


CAF enpresako langileek gaur goizean ordubeteko lanuztea egin dute eta elkarretaratze isila egin dute lantegian bertan, enpresak Jerusalemgo tranbiaren proiektuarekin duen inplikazioa salatzeko. Lanuztea CAFeko Enpresa Batzordeak deitu zuen, ostiralean Nazio Batuen Erakundeak CAF lurralde okupatuan diharduten enpresetako bat dela iragarri ondoren. Erakunde horren arabera, Jerusalemgo tranbiaren proiektuak “okupazioa eta kolonia ilegalen sarea indartzen du”.
CAFeko zuzendaritzak, ordea, aurrez plazaratutako komunikatu baten bidez, bere jarduera justifikatu eta proiektuaren erantzukizuna ukatu zuen. “Zuzendaritzak ez du ardura sozialik onartu, eta ez du urratsik egin Israel gauzatzen ari den okupaziorekin lotura murrizteko, nahiz eta langileek 2018tik halako aldarrikapenak egin dituzten”, adierazi zuen Enpresa Batzordeak mobilizazioa iragartzeko oharrean.
Protesta isilean egin dute, Langileok beti Palestinarekin! lelopean, eta palestinar banderak eskuetan. Modu horretan, dozenaka langilek adierazi dute Palestinarekin elkartasuna eta giza eskubideen aldeko jarrera. Enpresa Batzordeak ohartarazi duenez CAF ez da kasu isolatua: “Enpresa eta erakunde gehiago daude Euskal Herrian Israelekin harreman komertzialak dituztenak, eta guztiek izan behar dute ardura etikoa eta soziala”.