Donostiako Udalak Egiako afari solidarioak debekatu ditu
Donostiako Udalak Kaleko Afari Solidarioak (KAS) debekatzeko erabakia hartu du gaur, urriaren 23, asteazkena, eta hala jakinarazi die Egiako kideei Udaltzaingoaren bidez, ahoz egindako notifikazio batean. Udaltzainak paper bat zuen arren, ez die ekintzaileei eman nahi izan. Hala, emandako argudio bakarra izan da afari solidarioak emateko “baimenik ez dagoela”, eta beraz, “bihartik aurrera” ezin izango dituztela eman. “Gaur bai, ordea”.
Irutxuloko Hitza azaldu duenez, udalak “segurtasun arazorik” egon ez dadin debekatu ditu afariak. Hain zuzen, erabaki hau, astelehenean Alderdi Popularrak eta beste hainbat herritarrek egindako elkarretaratze baten ondoren dator; afarien banaketa eta delinkuentzia lotzen zituen elkarretaratzetik.
KASeko kideek salatu dutenez, lau urte daramatzate kale egoeran daudenei gauero-gauero afariak ematen, Donostiako Udala jakinaren gainean egonik —besteak beste, haiekin bildu izan direlako—. Horregatik uste dute udalak “baimen tazitoa” emana zuela, eta ez dute ulertzen zergatik orain bestelako erabaki hau hartzen den. Bihar 18:00etan prentsaurrekoa egingo dute KASekoek Egian.
KASeko kide batek azaldu duenez, udaltzainek kale egoeran dauden gazteei zerbitzu sozialen zerrenda bat eskaini die. Harrigarriki, zerrenda horretan Parte Zaharreko eta Amara Berriko afari solidarioen helbideak daude. “Egoera guztiz surrealista” dela salatu dute ekintzaileek.
Donostiako Udalak Egiako afari solidarioak debekatzea erabaki du : Irutxuloko Hitza