lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 04/03/2024

Ertzaintzak Martxoak 3ko mobilizazioa lehertu du

La Haine - Euskal Herria
Indar errepresiboak manifestarien kontra oldartu ziren hainbat pertsona zaurituz eta beste 4 atxilotuz.

Atzo goizean Martxoak 3ko mobilizazioan milaka pertsona atera ziren kalera Gasteizko sarraskiaren 48. urteurrenaren harira. Mobilizazioa San Frantzisko elizatik irten zen goizeko 12:30etan hainbat blokez osatutako manifestazio batean. Hasieran manifestazioa lasaia izan zen, "Herriak ez du barkatuko" eta "Euskal Herri Langilea aurrera!" oihuen artean, besteak beste. Hala ere, manifestariak El Corte Ingles paretik igaro zirenean tentsioak gora egin zuen, zentro komertziala babesten zuen Ertzaintzaren dispositibo handi bat zela eta. Dispositiboa jendearen kontra gogor oldartu zen, JARKI antolakunde iraultzailearen blokea lehertuz eta manifestazioa bitan zatituz.

Oldarraldietan indar errepresiboek hamarnaka pertsona zauritu zituzten, izan ere, istiluen kontrako material ugari erabili zuten: borrak, foam balak eta berez ilegalak diren gomazko pilotak ere. Zaurituetako bati eskuko hatzak hautsi zioten, beste bati orkatila bita apurtu zioten ertzaintzaren furgoi bat hankaren gainetik pasatzean eta andre heldu bati zauri larriak eragin zioten foam bala batek ahoan jo zuenean. Kargetan zehar 4 pertsona atxilotu zituzten, horietako bat konorterik gabe eta denbora luzez lurrean botata izan zuten. 

                                     (Irudia:Juanjo Basterra)

Hainbat oldarraldien ondoren sakabanatutako manifestariak Foru plazan elkartu ziren eta agiri bat irakurri eta gero, Internazionala eta Eusko Gudariak abestuz bukaera eman zioten mobilizazioari. Geroago, ASKE antolakunde antirrepresiboak deituta, hainbat pertsona Lakuako polizia-etxera joan ziren atxilotuei elkartasuna adierazteko eta hauen askatasuna exijitzeko. Han ere antzeko gertakariak izan ziren eta Ertzaintzak bildutako jendearen kontra egin zuen eta hauetako bat polizia-etxe barrura eraman zuten atxilotuta, beranduago aske utziz. Gaueko 22:00ak aldera atxilotutako beste lagunak aske utzi zituzten.


Gertakari hauen aurrean ASKE antolakundeak konzentrazio bat deitu du gaur atxilotutakoei elkartasuna adierazteko eta poliziaren biolentzia eta jazarpena salatzeko, arratsaldeko 19:00etan, Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan.

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal