lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 29/12/2024

Euskal selekzioaren ofizialtasunaren alde bozkatu du Nazioarteko Pilota Federazioak

La Haine - Euskal Herria
Hala ere, EAE-ko jokalariek bakarrik hartuko lukete parte eta Madrilek du azken hitza

Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak (FIPV), larunbat honetan Iruñeko Iruña Park hotelean egin duen biltzarrean, onartu egin du Euskadiko Euskal Pilota Federakuntza eskubide osoko kide izatea. Urteak daramatza Euskadiko federazioak eta euskal pilotariak ofizialtasuna lortzeko borrokan, eta bide horretan, lehen urratsa lortu dute. Euskal selekzioa jada ofiziala zen joko zuzeneko pilota kiroletan, baina orain Nazioarteko Pilota Federazioak onartu du gainontzeko pilota kiroletan ere euskal selekzioa parte izatea. Horrenbestez, aipatu akordioak aukera eskainiko lieke euskal pilotariei nazioarteko lehiaketetan euskal selekzioarekin parte hartzeko, 2026an Argentinan jokatuko den Munduko Txapelketan edota Bilbok eta Gernikak 2030ean hartuko duten lehiaketan, besteak beste.

Hala ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako jokalariek bakarrik hartuko lukete parte selekzio honetan. Bestalde, Nazioarteko Pilota Federazioak euskal selekzioa ofizial izendatzea erabaki badu ere, Madrilek du azken hitza ofizialtasun hori onartzeko orduan. Euskadiko Federazioak azaldu du orain eskaria egin behar diola Espainiako Kirol Kontseilu Gorenari, eta ofiziala egin ahal izateko beharrezko dokumentazioa aurkeztu behar dio.

Iruña Park hotelaren kanpoaldean, Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aldeko elkarretaratzea egin zuten Euskal Herriko Pilota Selekzioaren aldeko mugimenduko kideek. Hauek adierazi zutenez, atzo urrats garrantzitsu bat eman zen ofizialtasunaren bidean, baina “beste bat falta dela” ohartarazi zuten. Hain zuzen, “zazpi herrialdeak osatutako Euskal Herriko selekzioa nazioartean ofiziala” izatea nahi dutela adierazi zuten. Ondoren, garaipen txiki hau ez dela soilik beraiena azaldu zuten, “euskal herritarrena baizik”. Alegia, urte hauetan ofizialtasuna aldarrikatu dutenen guztiena eta modu batean edo bestean “Espainari eta Frantziari uko egin diotenena” ere bai. Bukatzeko, 2025ko urtarrilaren 11n, Makean(Lapurdi), Euskal Selekzioaren aldeko aldarrikapen eguna izango dela jakinarazi zuten eta honetan parte hartzera deitu zuten.

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal