Euskararen aurkako beste epai bat Gipuzkoan


Donostiako auzitegi batek kontrako ebazpena eman du Gipuzkoako Diputazioak ehun administrari postu egonkortzeko abiarazitako lan deialdiaren harira. Deialdia 2023ko abenduan argitaratu zen. Norbanako batek abiarazi zuen kontrako auzibidea, hizkuntza eskakizunak egokiak ez zirela argudiatuta. Epaileak arrazoia eman dio norbanoko honi eta, beste argudio batzuen artean, euskararen ezagutza “zeharo baztergarria” dela adierazi du. Esan beharra dago, administrarien lan deialdi publikoa ez dela auzitara eramanda dagoen bakarra; foru erakundeak sustatutako deialdi gehiagoren kontrako prozesuak ere badira martxan gaur egun.
Hau euskararen aurkako bigarren erasoa da aste honetan. Izan ere, ostegunean, Bitarteko Idazkari izateko lan poltsan parte hartzeko hizkuntza eskakizunak indargabetu zituen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Era berean, Bizkaiko Diputazioan ere izan dituzte hizkuntza eskakizunen kontrako ebazpenak eta martxoaren hasieran jakin da erakundeak euskarazko hizkuntza eskakizunak apaltzeko asmoa duela. Hain zuen, eskaintza publikoetan eskaintzen diren lekuen erdiei bakarrik ezarriko diete euskarazko hizkuntza eskakizunak.