lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 01/07/2026

Euskararen aurkako oldarraldiak hezkuntzara salto egin duela salatu du Kontseiluak

La Haine - Euskal Herria
Mobilizatzera dei egin du erakundeak. “Justizia euskararentzat, euskara guztiontzat” lelopean eginen dituzte elkarretaratzeak, Donostiako, Bilboko eta Gasteizko campusetan.

Euskararen kontrako oldarraldiak hezkuntza sistema jomugan jarri duela salatu du Euskalgintzaren Kontseiluak. Azken erasoa bereziki larria dela nabarmendu du, hezkuntza sistema baita "euskararen normalizazio eta biziberritzean aurrera egiteko zutabe nagusietako bat", eta azken hamarkadetan euskararen normalizazioan lortutako aurrerapenik handienak, hain zuzen ere, hezkuntzak egindako ekarpenari esker gauzatu direlako.

Erakundearen arabera, unibertsitatera sartzeko probako (USaP) Euskara eta Literatura II azterketan zenbait ikaslek lortutako emaitza eskasak euskararen aurka egiteko baliatu dituzte hainbat eragilek, eta horrek “ondorio larriak” izango ditu milaka ikaslerengan: “Euskarari uko egiten dioten ikasleak saritu eta pribilegiatuko ditu unibertsitaterako sarbidean”. Hala ere, Kontseiluaren esanetan, “gutxietsi” egingo ditu “euskarari beste ikasgaien pareko garrantzia eman diotenak, eta ikasteko ahalegina egin dutenak”.

Auzi honetan Eusko Jaurlaritzak hartu duen jarrera ere kritikatu du Kontseiluak. Erakundearen ustez, Jaurlaritzak benetako arazoari heldu beharrean, azterketak zuzendu dituzten irakasleak seinalatu ditu, "haien ezagutza, zehaztasuna eta sen ona zalantzan jarriz". Ildo horretan, Kontseiluak gogorarazi du aspalditik aldarrikatzen ari dela egungo hizkuntza ereduen sistema bertan behera utzi eta gainditu behar dela, eta euskarazko ikasteredua orokortu behar dela, euskara gutxien dakienari gehiago ematea izanik helburua.

Kontseiluaren arabera, gertatutakoak agerian utzi du euskara “zenbateraino den bigarren mailako eta menpeko hizkuntza”. Horrenbestez, “aurrekari oso arriskutsua” ezarri dutela azpimarratu du, ebazpenak “mezu argi bat” helarazten baitie etorkizuneko belaunaldiei eta gizarte osoari: “Gaztelaniaren kasuan ez bezala, euskara ez da beharrezkoa”.

Egoera honen aurrean, Euskalgintzaren Kontseiluak hiriburuetako campusetan hiru elkarretaratze deitu ditu ostegun honetarako, 12:00etan Bilboko Ingeniaritza Eskolan, Donostiako Karlos Santamaria Zentroan eta Gasteizko Letren Fakultatearen aurrean, “Justizia euskararentzat, euskara guztiontzat” lelopean.

 

Contactar con La Haine

 

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal