lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 18/03/2026

Grebara joan dira milaka langile Hego Euskal Herrian

La Haine - Euskal Herria
Grebako manifestazio nagusiek 105.000 pertsona inguru bildu dituzte. Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu eta beste bost ikertzen ari da EAEn. Gainera, 165 pertsona identifikatu eta lau zauritu izan dira.

1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren aldarriak Hego Euskal Herriko kaleak hartu zituen atzoko greba orokorrean. Egunsentia baino lehenago hasi zen greba orokorraren jarduna. Iluntasuna oraindik nagusi zela, errepide mozketak izan ziren herrialdeko hainbat tokitan, eta aldarriz josi eta hartu zituzten hezigune, saltoki, industriagune zein auzoetako karrikak. Ondoren, piketeak iritsi ziren, eta pare bat orduz hainbat enpresetako jarduera ekonomikoa ia erabat geldiarazi zuten.

Goizeko piketei segida emanez, zutabeak egin ziren hiriburuetan; jendetza batu zen horietan, eta manifestari guztiak manifestazio nagusietan batu ziren. Lanbidearteko gutxieneko soldata propioaren alde ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek deitutako greba eguneko manifestazioa nagusiek 105.000 pertsona inguru bildu dituzte. Sindikatuen arabera, "greba orokorraren deialdiaren arrakasta berretsi da mobilizazio masiboetan", hala nola Bilbon (45.000 lagun), Donostian (30.000), Gasteizen (15.000), Iruñean (10.000), Eibarren (4.000) eta Tuteran (600).

Arratsaldeko manifestazioek eman zioten amaiera atzoko greba orokorrari. Besteak beste, pentsiodunen, gazteen, migratzaileen eta etxeko langileen lan baldintzen alde bete zituzten kaleak, hala sindikatuek nola askotariko kolektiboek deituta. Milaka pertsonak parte hartu zuten mobilizazioetan, nahiz eta eguerdikoak jendetsuagoak izan ziren. Sindikatuek zehaztu dute arratsaldean 85 manifestazio egin dituztela denera Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan.

Errepresioa greba orokorrean

Greba ia istilurik gabe igaro den arren, indar errepresiboen jazarpena nabaria izan da, eta hainbat ekintzetan ikusi ahal izan da hori. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu eta beste bost ikertzen ari da EAEn, desordena publikoetan parte hartzea eta atentatua egotzita. Gainera, 165 identifikatu eta lau zauritu izan dira.

Bizkaian, pertsona bat zigortzeko proposatu dute Larrabetzun, langileak Sarrikola industrialdetik ateratzea eragoztea egotzita. Ertzaintzak jakinarazi du beste pertsona bat atxilotu duela Bilbon, eta beste bat desordena publikoagatik ikertu dutela, edukiontziak kalean gurutzatzeagatik. Ertzaintzako agenteek beste hiru manifestari identifikatu dituzte, Abandoko tranbiaren instalazioetara hesi bat jaurtitzeagatik. Bilboko erdigunean egindako manifestazioan, beste gizon bat atxilotu dute, polizia-ibilgailu bati pintura botatzea eta bi agenteri eraso egitea egotzita. Plentzian, hiru pertsona identifikatu dituzte jakinarazi gabeko manifestazio batengatik.

Gipuzkoari dagokionez, Hernanin pertsona bat ikertu dute desordena publikoak egotzita, GI-2132 errepideko zirkulazioa eten ostean. Errenterian, Ertzaintzak herriko erdialdean jardunean zen piketeetan parte hartu duen herritar bat atxilotu du. Lekukoek azaldu dutenez, oso era “bortitzean” atxilotu dute. Lurrera bota dute atxilotua, eta han jarri dizkiote eskuburdinak. Piketean zirenetako hainbat kolpatu egin ditu poliziak. Era berean, tentsio uneak izan dira Andoainen. Bereziki, manifestariak N1 errepidetik kanpo zeudenean. Bertan ziren polizietako batzuk manifestarien aurka oldartu dira eta, sindikatuek adierazi dutenez, pertsona bat zauritu dute. N1 errepidearen ertzean, eskilara aldera zihoazela, Ertzaintza kolpeka hasi da manifestarien aurka.

Azkenik, Araban, Laudion, pertsona talde bat hipermerkatu batean sartu da, eta Ertzaintzak horietako hiru ikertu ditu desordena publikoko delitu bat egotzita.

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal